Ekonomia -

Enplegua

Sindikatuek 20.000 lanpostuko eskaintza publiko "handia" eskatu diote Jaurlaritzari

Sektore publikoko langileen % 40 inguru, "150.000 langiletik 50.000 baino gehiago", behin behinekotasun egoeran daudela salatu dute.

Sindikatuen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe
Sindikatuen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe
Sindikatuen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek EAEko sektore publikoan "20.000 lanpostu berri" sortzeko "lan eskaintza publiko itzela" deitzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, sektoreko behin behinekotasun tasa "jasanezina" delako, Espainiako Estatuko eta Europako altuena.

200dik gora pertsona elkartu dira Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean sindikatuok apirilaren 22rako EAEko sektore publiko osoan deitu duten greba orokorra defendatzeko. Behin behinekotasuna salatzeko egin dituzte elkarretaratzeak baita Bilbon (Bizkaiko Aldundiaren egoitzaren aurrean) eta Donostian (udaletxearen parean) ere.

Gorka Berasategi LABen ordezkariak esan du 20.000 direla EAEko sektore publikoak behar dituen lanpostu berriak behin behinekotasuna amaitzeko, egungo aldi baterako  langileen egoera egonkortzeko eta herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoa eskaini ahal izateko.

Sektore publikoko langileen % 40 inguru, "150.000 langiletik 50.000 baino gehiago", behin behinekotasun egoeran daudela salatu dute, egoera "jasanezina" dela, eta kasu batzuetan "20 urte baino gehiago lanean" daramatela behargin horiek.

Igor Eizagirre ELAren ordezkariak salatu du "zerbitzu publikoak desegiten" ari direla. Horregatik, erakundeei eskatu die "enplegua sortzearen aldeko apustua" egiteko eta "60.000 behin behineko langile" ingururen egoera egonkortzeko.

Eizagirrek eskatu du lan-eskaintzetan "aldi baterako kontratudunen postuak bermatzea" eta kontuan izatea esperientzia, "orain lanean ari direnak gera daitezen". Horregatik, Eusko Jaurlaritzak proposatutako Sektore Publikoaren Legea "atzera botatzea" eskatu du, behin behinekotasun tasak "egonkortzen" dituelako.

Sindikatu guztiek, UGT izan ezik, egin dute bat apirilaren 22an sektore publikoan deitu duten greba orokorrarekin. Administrazio guztietako langileak daude parte hartzera deituta, hezkuntza eta osasun arlokoak barne.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Sindikatuak