Ekonomia -
LAN GATAZKA
Greba eguna dute gaur ITPko eta Aernnovako langileek
ITPko beharginek elkarretaratzea egingo dute Sestaon, Barakaldoko lantegitik bertara manifestazioan joan ondoren. Aernnovaren kasuan, protesta karabana egingo dute Miñaoko lantegitik abiatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lan arloan, mobilizazio eguna dute gaur aeronautika sektoreko ITP eta Aernnova lantegietako beharginek.
Aernnovako langileek kontzentrazioa egin dute 07:30ean Miñaoko lantegian, eta protesta karabana egingo dute bertatik Gasteizera.
Gaurkoaren ondotik, beste hiru lanuzte egingo dituzte abenduaren 16an, 17an eta 18an. Hain zuzen ere, hilaren 18an amaituko da (luzatzen ez bada behintzat) aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea negoziatzeko kontsulta epea.
Zuzendaritzak Berantevillako 101 langilerentzat (langileen laurdena ia) aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea aurkeztu zuenetik hainbat mobilizazio antolatu ditu enpresa batzordeak.
Barakaldoko eta Sestaoko ITPko langileek zortzi orduko lanuzteak egiten jarraituko dute ostegunean horiei ekin ondoren, enpresak egin asmo dituen 136 kaleratzeen aurka. Elkarretaratzea egingo dute 12:30ean, Sestaon, Barakaldoko lantegitik bertara manifestazioan joan ondoren.