Ekonomia -
Koronabirusa
"Gehien kolpatutako sektoreetako batentzako" laguntzak eskatu dituzte ostalariek
Salatu dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan tabernak eta jatetxeak itxi ondoren, COVID-19aren "pandemiak gehien kaltetutako sektoreetako bat" da ostalaritza.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko ostalariek elkarretaratzean egin dituzte zenbait udalerritan, sektoreari laguntzak eskatzeko, COVID-19aren "pandemiak gehien kolpatutako sektoreetako bat" delako eurena.
EAEn positiboen olatuari aurre egiteko tabernak eta jatetxeak itxi ostean, SOS Ostalaritza plataformak hainbat mobilizazio egin ditu udalerrietan.
Bilboko kasuan, hilaren 7an martxa jendetsua egin ondoren, sektoreko dozenaka profesional beste elkarretaratzea egin dute Udaletxearen aurrean, "ostalaritza aurrera" oihuen eta sirena hotsen artean.
Segurtasun distantziak errespetatuta, SOS ostalaritza leloa erakutsi dute pankartetan. Deitzaileek ohartarazi dutenez, taberna askok behin betiko "itxi behar izan edo behar izango dute".
Ezarritako osasun neurriek dakartzaten murrizketekin ere lanean dihardute "zorrak eta alokairuak ordaintzeko", eta esan dute "pandemiak gehien kaltetutako" sektoreetako bat dela eurena.
Horregatik, besteak beste, "indemnizazioak eta langileek lan-erregulazio espedienteen % 100 kobratzea" eskatu dituzte. "Irekitzen ez badugu, ez diezagutela ezer kobratu eta dagokion instituzioak alokairuen eta hipoteken arazoak konpon ditzatela", gehitu dute.
Iruñean manifestazioa egin dute Nafarroako ostalariek. Hiru aste eta erdi eman dituzte itxita, eta egoera larria dela salatu eta milaka lanpostuak bermatzeko laguntzak ala, bestela, sektorearen irekiera eskatu dute ostalariek.
SOS ostalariak plataformak Nafarroako Gobernuari eskatu dio "berehalako erreskate plan erreal bat, sektorearen egoera kontuan hartuko duena, egoera sanitarioak % 100ean irekitzeko aukera ematen digun arte, murrizketa eta itxiera partzial guztiak denbora nahikoarekin abisatzea, planifikazioa egin ahal izateko". Bihar, bilera egingo dute ostalariek eta Gobernuak.