Ekonomia -

PENTSIODUNAK

Alderdiek euren proposamenei "erantzunik ez ematea" deitoratu dute pentsiodunek

Pentsiodunen Mugimenduak iragarri duenez, urriaren 31n zahar-egoitzetako erabiltzaileen familiekin batera elkarretaratzea egingo dute egoera salatzeko.

Pentsiodunen Mugimenduaren elkarretaratzea Bilbon, gaur goizean. Argazkia: EFE
Pentsiodunen Mugimenduaren elkarretaratzea Bilbon, gaur goizean.
Pentsiodunen Mugimenduaren elkarretaratzea Bilbon, gaur goizean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak deitoratu egin du bilerak egiten dituzten alderdi politikoek proposamenak aztertuko dituztela esan izana baina "erantzunik gabe jarraitzea". "Batzuk harkorrago agertzen dira, beste batzuek Madrilen esku dagoela esaten digute, baina guk mobilizatzen jarraitzen dugu", esan dute.

Halaber, gogorarazi dute urriaren 31n elkarretaratzeak egingo dituztela EAEko hiriburuetan, zahar-egoitzen erabiltzaileen familiekin batera, adinekoen zentroetan bizi den egoera salatzeko.

Astelehenero bezala, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak elkarretaratzea egin du Bilboko udaletxearen aurrean, besteak beste, "pentsio duinak, gutxienez KPIaren araberako errebalorizazioa, eta 2011n eta 2013an ezarritako pentsioen erreformen alderdi atzerakoiak indargabetzea" biltzen dituen aldarrikapenak defendatzeko.

Halaber, urriaren 31n egoitzetako erabiltzaileen familiekin batera EAEko hiriburuetan mobilizatuko direla jakinarazi dute, adinekoen zentroetan bizi den egoera salatzeko. Bilbon, Moyua Plazatik abiatu eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaituko da. "Bigarren olatuan egotea eta kutsatzeekin eta heriotzekin jarraitzea salatzen jarraitu beharreko gaia da", adierazi du Andrea Uña Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak.

EAEko Fiskaltza Nagusiaren aurrean aurkeztutako txostenaren harira (Mugimenduak egoitzetan prebentzio neurririk ez dagoela salatu zuen), Uñak onartu du oraindik ez dutela erantzunik jaso.

Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariarekin biltzeko eskaerari ere ez diotela erantzunik eman, baina Mugimenduak bere planteamenduak helarazi nahi dizkiola gaineratu du.

Bestalde, azken asteetan Toledoko Itunean ordezkaritza duten alderdi politikoekin bildu direla azpimarratu dute. "Gure proposamenak aztertuko dituztela esaten digute guztiek, baina erantzunik gabe ateratzen gara beti", deitoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Pentsioak Koronabirusa Adinekoak gaur