Ekonomia -

Hezkuntza

Bildarratzek uste du grebak ez duela laguntzen eta "ahulenei" egiten diela kalte

Hezkuntza sailburu berriak hezkuntza komunitateko eragileekin, sindikatuak barne, hitz egiteko prestutasuna agertu du, "oso zaila" den egoerari aurre egiteko.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berria. Argazkia: Efe
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berria. Argazkia: Efe
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berria. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburu berriak ohartarazi duenez, sindikatuek hilaren 15erako deitutako irakaskuntzako grebak "ez du ezertan laguntzen", eta "ahulenei" egingo die kalte handiena. Hori dela eta, "hitz egiteko prest" dagoela berretsi du, aurrez aurreko eskolak seguruak izate aldera hartu beharreko neurriak bideratzeko.

Atzo hezkuntza komunitateko eragileekin eta sindikatuekin egindako bileren nondik norakoak azaldu ditu Bildarratzek hedabideen aurrean egindako adierazpenetan; izan ere, sindikatuek hilaren 15erako grebara deitu dute, ikasgeletara era "seguru eta adostuan" itzultzea eskatzeko.

Hezkuntza sailburu berriak hezkuntza komunitatearekin eta eragile sindikalekin hitz egiteko prest dagoela berretsi du, "oso zaila" izango den egoerari irtenbideak bilatzeko.

Gainera, salatu duenez, "grebak ez du ezertan laguntzen", eta adierazi du lanuzteak gehien kaltetuko dituenak familia "ahulenak" direla. "Grebak segurtasun edo baliabide gehiagoz hornituko gaitu? Ez, grebak ez digu horrelakorik ematen", adierazi du.

Kristau Eskola elkarrizketaren alde agertu da

Alde guztien arteko "elkarrizketa" eskatu du Euskadiko itunpeko ikastetxe gehienak batzen dituen Kristau Eskolak, grebarik egon ez dadin. Osterantzean, ikasturte hasierako egoera "korapilatsuak" familia askotan eragin duen "ezinegona" areagotu egingo dela esan du Mikel Ormazabal zuzendariak.

Ormazabalek ohar baten bidez adierazi duenez, gatazka ikasgeletara eramaten denean "ikasleak eta haien familiak" dira kaltetuenak. Ikasleak eta familiak "ikastetxeetan egindako kudeaketaren menpe daudenez, hezkuntza sistemaren baitan ahulenak dira".

Horregatik, sindikatuei galdegin die Hezkuntza Sailarekin hitz egiten jarraitzeko, "Kristau Eskola egiten ari den bezala", hezkuntza kalitatea eta segurtasuna bide onetik joango direla iritzita.

Ormazabalek gaineratu du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin bildu dela, eta, "hezkuntza eskubidea bermatze aldera", ikastetxeek behar dituzten bitartekoak eskura jartzeko prest agertu dela Bildarratz.

Ildo horretan, Kristau Eskolako zuzendariak "elkartasuna" agertu die familia guztiei, umeen osasunarekin lotuta gurasoek dituzten "kezken" jakitun dela argi utzita. "Ikasturtea hastearekin batera grebara deituta, "egonezina" are larriagoa da", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Medikuntza albisteak Sindikatuak Lan gatazkak Koronabirusa Irakasleak