Ekonomia -
Hilaren 18tik aurrera
"Presioa jasangaitza" dela salatu dute Osakidetzako ehunka profesionalek
Bestalde, Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu dute langileek mobilizaziorako duten eskubidea errespetatzen dutela, "nahiz eta ez den horretarako unerik egokiena".
EITB.EUS
Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Euskadiko lehen mailako arreta zentroen aurrean salatu dutenez, euren gainean jarritako presioa "jasangaitza" da, eta "berehalako konponbide eraginkorra" eskatu diote Osasun Sailari, "osasun sistema publikoaren arazo larriei" aurre egiteko.
Sailburu berria karguaz jabetu zenetik astebetera, Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK Osakidetzako sindikatuek elkarretaratzeekin hasi dute mobilizazio egutegia, lehen arretako zentroen aurrean. Ehunka profesionalek parte hartu dute, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez.
Irailaren 25ean ospitaleen aurrean protestak egingo dituzte eta urriaren 3an manifestazio bat Bilbon. Eskakizunei jaramon egiten ez baldin badiete, mobilizazioak areagotuko dituzte, “batere baztertu barik”, Eusko Jaurlaritzari ohartarazi diotenez. Sindikatuen hitzetan, Jaurlaritza osasun sistemaren “hondatze kezkagarriaren eta langileen lan baldintzak kaskartzearen arduradun bakarra da”.
Horregatik, “pairatzen ari diren gainkarga sistematikoa” salatu dute profesionalek, lan karga “onartezinak” dira; izan ere, “ez dituzte profesionalak ordezkatzen”, eta artatzeko itxaronaldiak “gero eta luzeagoak dira”.
Sindikatuek egiaztatu dutenez, “ohiko gainkargari” aurten koronabirusaren kontrola eta jarraipena gehitu behar zaizkio. Gainera, neurri handi batean, ardura hori lehen arreta hartzen ari da.
Bilboko Errekalde auzoan egindako elkarretaratzean, Esther Saavedra ELAko ordezkariak gogorarazi duenez, lehen arretako beharginek iaz hiru greba egun egin zituzten “prekarietatea” salatzeko. COVID-19aren pandemiarekin “arazoak areagotu dira”, erantsi du.
Osasunean inbertsio handiagoa, aldi baterako langileak finkatzea, behargin kopurua areagotzea, murrizketak eta pribatizazioak lehengoratzea eta langileen segurtasuna bermatzeko neurri gehiago hartzea eskatu diete sindikatuek Eusko Jaurlaritzari.
Negoziazioari heltzeko hitzordua emateko orduan “berandu dabil sailburu berria”, adierazi du Iñigo Garduño CCOOko ordezkariak Bilboko mobilizazioan. Era berean, negoziazioa eskatu dio Amaia Mayor Satseren Bizkaiko idazkariak Sagardui sailburuari. “Langileak nekaturik daude, eta ez dute baliabiderik”, deitoratu du.
Gasteizen, Olagibel kaleko anbulatorio aurrean egindako elkarretaratzean, gaurko protestak sindikatuek aho batez babestu dituztela azpimarratu du Imanol Alcalde SMEko ordezkariak. Alcalderen hitzetan, lehen arretak “erabateko berregituraketa” bat behar du “pandemiaren aurrean eta azken urteetako murrizketen ostean”.
Lehen arretako medikuak egunero 70 paziente artatzen ari direla salatu du, eta egoerak erizainak eta administratiboak “guztiz gainditu ditu”. Era berean, pazienteak telefonoz artatzeko “behin-behineko” neurria “behin betiko bihurtzea” beldur da, “hurbileko eta bete-beteko” harreman “integrala” beharrezkoa denean.
Osasun Sailaren eta Osakidetzaren erantzuna
Mobilizazioen harira, Osasun Sailak eta Osakidetzak adierazi dute ulertzen dutela COVID-19aren eraginak osasun sisteman sortu duen kezka. Halaber, osasun arloko profesionalek pandemian zehar egindako lana goratu dute, eta beharrezkotzat jo dute osasun zerbitzuak indartzea, gaur egungo krisiari aurre egiteko.
"Jaurlaritzak Lehen Mailako Arreta eta osasun publikoa indartzeko hartutako konpromisoa egiazkoa eta erabatekoa da. Lehen ere bazen eta orain ere bada, eta halaxe jaso dugu gobernu programan ere. Datozen lau urteetan 4.000 lanpostu sortu nahi ditugu", esan dute ohar baten bidez.
Gainera, nabarmendu dute langileek mobilizaziorako duten eskubidea errespetatzen dutela, "nahiz eta ez den horretarako unerik egokiena". "Horren ondorioak euskal herritarrek jasango dituzte", kritikatu dute. Horregatik, elkarrizketarako deia luzatu diete sindikatuei, lehenbailehen bilera egiteko asmoaren berri ematearekin batera.