Ekonomia -
Renove plana
Autoa erosteko gobernuen diru-laguntzak bateragarriak izango dira EAEn
Industria Ministerioak baieztatu dio Jaurlaritzari posible izango dela bi administrazioen diru-laguntzak eskatu eta pilatzea. Ekainaren 16tik aurrera erositako ibilgailuei eragingo die.
eitb.eus
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bateragarriak izango dira Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak onartutako bi diru-laguntzak, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Ekainaren 16rako atzera eraginkortasunarekin eska daitezke. Industria Ministerioak arratsaldean baieztatu dio Eusko Jaurlaritzari posible izango dela bi administrazioen diru-laguntzak eskatu eta pilatzea.
Ekainaren 16tik aurrera erositako ibilgailuei eragingo die bateragarritasunak. Xehetasun gehiago larunbatean jakingo da, neurria Espainiako Aldizkari Ofizialean agertutakoan, baina 3.600 euro arteko diru-laguntzak jaso ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan, diesel nahiz gasolina auto bat erosteagatik.
Espainiako Gobernuak 800 euroko laguntza bideratuko du kotxeko eta beste hainbeste auto saltokiek, derrigorrezko beherapenen bidez. Jaurlaritzak diru-laguntzak 2.000 eurotaraino igo zituen ekainean; 3.600 euro, beraz, guztira. Laguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da auto zaharra txatarretara eramatea.
2.000 emango ditu Jaurlaritzak gasolioarekin, gasolinarekin eta gasarekin dabiltzan ibilgailuak erosteko. Auto elektrikoak edo hidrogenoarekin dabiltzanak erosteko 3.000 eurokoa izango da diru-laguntza, 2.500 eurokoa hibrido entxufagarriak erosteko eta 2.250 eurokoa entxufatzen ez diren hibridoak erosteko. Gainera, zero kilometroko ibilgailuak erosteko ere emango dituzte laguntzak. Urriak 31ra arteko epea dago eskaria egiteko.