Ekonomia -
LANA
Kooperatibek 3.000 lanpostu inguru galduko dituztela kalkulatu du Eusko Jaurlaritzak
Gaur egun gizarte-ekonomia klasikoko 2500 enpresa daude, 60.500 pertsonari enplegua ematen dietenak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak EAEko kooperatibak eta lan-sozietateak gainerako enpresak baino hobeto irtengo direla koronabirusaren osasun-krisitik uste du, baina aurten 3.000 lanpostu galduko dituztela kalkulatzen du, langile guztien % 5.
Hala iragarri du María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak EAEko Gizarte Ekonomiaren Estatistikaren aurkezpenean. Bertan, 2019ra arte kooperatibek eta lan-sozietateek izan duten bilakaera aztertzen da, baita "Gizarte Ekonomiako beste modu batzuk" ere, hau da, fundazioak, onura publikoko elkarteak, laneratze-enpresak edo enplegu-zentro bereziak.
"COVID-19aren pandemia jarduera ekonomikoan izaten ari den eragin handiak sortutako ziurgabetasuna" gorabehera, sailburuak kooperatibek eta lan-sozietateek izan dezaketen portaera aurreikusi du, aurreko krisi ekonomikoan (2008-2014) izandako bilakaeran oinarrituta.
Gogorarazi duenez, gaur egun gizarte-ekonomia klasikoko 2.500 enpresa daude, 60.500 pertsonari enplegua ematen dietenak. Zehazki, 1.800 kooperatiba, 53.500 lanposturekin, eta 700 sozietate, 7.000 pertsonako plantillarekin.
"EAEko kooperatibek eta lan-sozietateek erresilientzia, erresistentzia eta 2008an izan zutenaren antzeko sendotasuna erakusten badute, 3000 enplegu inguruko eragina izan dezaketela uste dugu, azkenean EAEko BPGren beherakada gaur egun % 8,7koa izatea aurreikusten bada", adierazi du San Josek.
Beraz, kooperatibek eta lan sozietateek enpleguan izango duten eragina % 5ekoa izango litzateke, "EAEko ekonomia osoarentzat aurreikusitakoa baino bi puntu gutxiago", zehaztu du.
Sailburuak gogorarazi du EAEn hiru laguntza-lerro sortu direla gizarte-ekonomiako enpresentzat, 6 milioi eurotik gorako partida globalarekin, 2019an baino % 25 gehiago.
Halaber, ekonomia sozialak tokiko eremuan duen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, EAEn Debagoiena bezalako eskualde gipuzkoar batzuetan "ia dena da", Mondragon Taldeari dagokionez, talde horrek biztanleria landunaren erdiari baino gehiagori ematen baitie lana eremu horretan.
Bestalde, "Gizarte Ekonomiaren beste modu batzuk" aipatu ditu, besteak beste, fundazioak, enplegu-zentro bereziak, eraldaketarako nekazaritza-sozietateak, arrantzaleen kofradiak eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak (BGAE) biltzen dituena.
Guztira 1.200 erakunde biltzen dituen kolektibo bat da, ordaindutako 28.000 lanpostu sortzen dituena eta beste 25.000 boluntario baino gehiago mugiarazten dituena.