Ekonomia -
KORONABIRUSA
EAEko autonomoei laguntzeko partida 16 milioira zabaldu da
Horrekin, alarma-egoeran jarduera ekonomikoa eten behar izan duten 7.000 langile autonomorengana iristea espero dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzak lantalde horri laguntzeko aurreikusitako autonomoaren kuota eta negozioaren alokairua ordaintzen laguntzeko 3 milioi euroko hasierako partidara 13 milioi euro gehiago bideratu ditu. Horrekin, alarma-egoeran jarduera ekonomikoa eten behar izan zuten 7.000 langile autonomorengana iristea espero dute.
Hala jakinarazi du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta, Borja Belandia Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarekin batera, laguntza horien luzapenaren xehetasunak azaldu ditu. Deialdia zabalik dago oraindik.
Apirilaren 17an ezohiko laguntza horiek jasotzeko deialdia ireki zen, eta eskatzaile bakoitzari gehienez 3.000 euro ordaintzea aurreikusi zen. Horrek ezinegon eta frustrazio handia eragin zuen langile autonomoen elkarteen artean, jasotako eskaeren kopuruagatik eskabideak aurkezteko kanal telematikoa kolapsatu baitzen.
Sailburuak barkamena eskatu du berriro ere laguntza horiek izapidetzeko prozesuan egindako "akatsengatik" eta jasotako eskari handiaren aurrean "nahikoa ez zen" 3 milioiko partida bat bideratu zutelako.
Partida hori 16 milioi eurora zabalduta (hasierako 3 milioiak gehi bigarren deialdi honetan gaitutako 13 milioiak), "baldintzak betetzen dituzten autonomo gehienei emango diegu laguntza", adierazi du Artolazabalek.
Baldintza horiek honako hauek direla gogorarazi du: alarma-egoeragatik jarduera ixtera behartuta egon den langile autonomoa izatea, negozio-lokal baten errentaria izatea eta itxieran alokairua ordaintzen jarraitu izana, etendako jarduera ekonomikoan esklusiboki aritzea eta kontzeptu beragatik beste administrazio baten laguntzarik jaso ez izana.
Sailburuak zehaztu duenez, bigarren txanda honetan, 16.571 laguntza-eskaera jaso dituzte guztira, eta horietatik 4.143 atzera bota dituzte, hainbat kanalen bidez bideratu dituztelako. Beraz, hasieran izapidetzeko eta aztertzeko onartutako eskaerak 12.428 izan dira.
Horietatik, 8.822 espediente bideratu dituzte dagoeneko izapidetzeko, Borja Belandiaren hitzetan, eta horietatik 453k iragazki guztiak pasatu eta osatu dituzte dagoeneko. 258k eskatutako laguntza ematearen aldeko proposamena jaso dute, eta 195i, berriz, eskaera ukatu zaie, lokalaren errentamendu-kontratua aurkeztu gabe eskatu dutelako eta alarma-egoeran eten ez den jarduera ekonomikoko talde bateko kide izateagatik, besteak beste.
Datorren astean onespena jaso duten espedienteei laguntzak ordaintzen hasteko asmoa agertu du Belandiak, eta baldintzak betetzen dituzten guztiei ekainaren amaierarako ordaintzea espero duela erantsi du.
Laguntza horiek jasotzeko eskubidea duten autonomo gehienei laguntzeko partida nahikoa izatea espero du Beatriz Artolazabalek; izan ere, kalkuluen arabera, eskatzaile bakoitzari batez beste, ordaindu beharrekoa 2.500 euro inguru izango da, deialdian aurreikusitako 3.000 eurora iritsi gabe.