Ekonomia -

Koronabirusa

ESK sindikatuak salaketa jarri du Reyes Maroto eta Arantxa Tapiaren aurka

Sindikatuak osasunaren aurkako delitua eta prebarikazioa egotzi dizkie Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo ministroari eta Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuari.

Igor Mera (ESK), Bilboko epaitegiaren atarian. Argazkia: ESK.
Igor Mera (ESK)
Igor Mera (ESK), Bilboko epaitegiaren atarian. Argazkia: ESK.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ESK (Ezker Sindikalaren Konbergentzia) sindikatuak salaketa bat jarri du gaur, asteartearekin, Bilbon Reyes Maroto Espainiako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismo ministroaren eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren aurka, pandemiaren aurkako alarma egoera indarrean dela milaka pertsona lanera itzultzea hitzartuta, osasunaren aurkako delitua eta prebarikazioa egin izana egotzita.

Igor Mera ESK-ko batzar nazionaleko kideak Bilboko epaitegi batean salaketa jarri eta gero azaldu duenez, agintariok ez zegozkien funtzioak beretzat hartu zituzten eten behar ez ziren jarduera ekonomikoak hitzartzeko, eta horrek “arrisku larrian jarri zuen osasun publikoa, milaka pertsona lanera bueltan jarri zituelako”.

Meraren hitzetan, martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege-Dekretuak, zeinak oinarrizkoak ez diren jarduera ekonomikoak etetea ezartzen baitzuen eta gelditutako enpresetako langileei ordaindutako baimen berreskuragarria kobratzeko aukera ematen baitzien, “Osasun ministroaren esku uzten zuen, beharrezko izatera, dekretua interpretatzeko, zabaltzeko edo zehazteko ahalmena”.

Eusko Jaurlaritza dekretu horren aurka agertu zenez, “Industria ministroak ohar bat egin zuen, oinarrizko zerbitzutzat ulertzen genuena Errege Lege-Dekretuak ezartzen zuenaz haraindi zabaltzeko” eta, handik ordu batzuetara, Tapiak “beste ohar bat egin zuen Industria Ministerioaren neurriez haratago joateko”, salatu du Merak.   

Hala ere, Meraren hitzetan, “ez ministroak ez sailburuak ez dute ahalmenik” erabaki horiek hartzeko eta, ondorioz, ESK-k prebarikazio delitua egotzi die bere salaketan, ez dagozkien eskuduntzak bere gain hartu zituztelakoan.  

Halaber, ESKren arabera, indarrean gelditu ziren jardueren zerrenda zabalduta, milaka langile beren lanpostura itzultzera behartu zituzten. Horrela, isolamendua handitu nahi zuen “arauaren funtsaren aurkako” erabakia hartu zuten eta horrek “arrisku larrian jarri zuen osasun publikoa” covid-19ak jende gehiago kutsatzeko arriskua handitu baitzuen. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana Espainiako Gobernua argazkiak Salaketak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Sindikatuak Koronabirusa olatu berria ESK sindikatua gaur