Ekonomia -

KORONABIRUSA

Alarma-egoeran kontratuak bertan behera uzten dituzten enpresak salatuko ditu ELAk

Sindikatuaren arabera, legez kanpokoa da alarma-egoerak irauten duen bitartean langileei kontratuak deuseztatzea. Hori dela eta, auzitegietara joko dutela iragarri dute.

Artxiboko irudia. Argazkia: EiTB.
Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia. Argazkia: EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuak koronabirusa dela eta ezarritako alarma-egoerak irauten duen bitartean langile bati kontratua bertan behera uzten dion enpresaren kontra salaketa jarriko duela iragarri du ELA sindikatuak.

Gaur kaleratutako ohar batean sindikatu abertzaleak jakitera eman duenez, hainbat enpresa legea urratzen ari direla atzeman dute azken egunotan. "Enpresa asko ahalik eta aldi baterako kontratu gehien deuseztatzen ari dira azken egunotan, baita aldizkako lan-kontratu finkoak ere", salatu du ELAk.

Sindikatuaren esanetan, aldi baterako lan-erregulazio espedienteetatik kanpo utzi dituzte langile asko, hori legez kanpokoa izan arren. Oharrean zehaztutakoaren arabera, alarma egoera amaitu eta ondorengo sei hilabeteetan kontratuei eustea derrigorrezkoa da.

Gainera, ELAk azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak koronabirusaren krisiaren kalteak jasan dituzten langileentzat dekretu bidez onartutako laguntzak ezin dituzte jaso lan-erregulazioetatik kanpo utzitako beharginek. Hau da, kontraturik gabe geratu diren langileek ez dute asteon iragarritako laguntzak jasotzeko eskubiderik.

"Lege urratze baztertzaile baten aurrean gaude; aldi baterako kontratua duten langileei tratu diferentea ematen ari dira", esan dute.

Horrenbestez, aldi baterako langileen eskubideak babesteko, auzitegietara joko du ELAk, legez kanpo ari diren enpresen jarduera salatzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza ELA Confebask Espainiako Gobernua EEE Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Sindikatuak Enpresaburuak Koronabirusa Alarma egoera