Ekonomia -
KORONABIRUSA
51.213 langileri ezarri diete aldi baterako erregulazioa EAEn
Orain arte aldi baterako 7.250 erregulazio espediente ireki dituzte EAEn.
AGENTZIAK | ERREAKZIOA
7.250 euskal enpresak 51.213 langileri eragiten dieten aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ERTE) aurkeztu dituzte, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun-krisiaren ondorioz ekonomiak jasan duen geldialdia dela eta.
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak zabaldutako datuen arabera, ERTE gehien aurkeztu dituen lurraldea Bizkaia izan da, 25.073 langileri eragiten dieten 3.931 ERTErekin.
Gipuzkoan, 2.203 enpresak formalizatu dituzte aldi baterako enplegua arautzeko espedienteak. Espedienteok 16.490 langileri eragin diete. Araban, berriz, 1.116 zenbatu dituzte, 9.650 langilerekin.
Joan den astean Lan Sailak espedienteak aurkeztu eta onartzeko oinarrizko irizpideak eta jarduteko moduak jasotzen dituen dokumentu bat igorri zien gizarte eragileei. Bertan ezinbesteko arrazoitzat ezartzen dira, besteak beste, jarduerak etetea, lokalak aldi baterako ixtea eta pertsonen edo salgaien mugikortasunak murriztea.
Horien artean aipatzen da, halaber, langileak koronabirusaz kutsatzea edo prebentziozko isolamendu-neurriak hartzea, eta enpresaren jarduera garatzea eragozten duen hornidurarik eza.