Ekonomia -

Koronabirusa

Lantegi handiak ixten hasi dira egun batzuetarako

Langileen osasuna bermatze aldera, Michelin, Volkswagen, CAF et Irizar enpresa handiek ixtea erabaki dute. Gasteizko Mercedes 14:00etan gelditu dute.

CAFen lantegia. Argazkia: CAF
CAFen lantegia. Argazkia: CAF
Gasteizko Mercedes lantegia itxi egin dute, langileek planto egin ondoren

1:24

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuan ia etxetik atera gabe egotera behartuta egon ostean, lehenengo lan egunean enpresa handiak ere hasi dira neurriak hartzen beharginen osasunari begira.

Hala, Nafarroako Volkswagenek atzo erabaki zuen lantegiaren jarduera bertan behera uztea koronabirusagatik, berriro jarduerari ekiteko data zehatzik jarri gabe. 5.000 langile baino gehiagori eragiten die

Langileen ordezkariak eta enpresarekin gaur elkartuko dira langileen osasuna bermatzeko neurriak aztertzeko.

Espainiako Estatuko lantegi guztiak itxiko ditu Michelinek ere, Lasarte-Oriakoa eta Gasteizkoa barne, zortzi egunez, "prebentziozko neurri" gisa, langileen eta euren familien osasuna bermatzeko eta koronabirusaren hedapena geldiarazten laguntzeko.

Gaur goizean bertan, berriz, CAF eta Irizar batu zaizkie geldialdian.

Hala, Gipuzkoako Goierrin trenak egiten dituen lantegiak hiru eguneko itxialdia agindu die ia 3.000 langileei, eta gaur sindikatuak eta zuzendaritza aldi baterako lan erregulazioa negoziatzen hasiko dira.

Azaldu dutenez, langileen arteko distantzia ezin delako zaindu, tresnak partekatzen dituztelako eta beste prebentzio neurri batzuengatik hartu dute erabakia. Dena den, galdutako lan orduak berreskuratu egin beharko dituzte langileek.

Bestalde, Irizar autobusak egiten dituen kooperatibak ere hiru eguneko geldialdia iragarri du Ormaiztegin (Gipuzkoa), langileen osasun arriskua txikitzeko estrategien kudeaketa aztertzeko.

Ezarritako zerbitzu minimo batzuetako langileak soilik joan beharko dira lan egitera.

Gasteizko Mercedes, 14:00etatik aurrera

Bestalde, Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko enpresa batzordeko beharginek eserialdia egin dute ekoizpenaren amaieran, enpresak jarduera bertan behera utz dezala eta lehentasuna osasuna izan dadila exijitzeko.

Protesta hori egin eta ordubete ingurura, UGTk iragarri du zuzendaritzak etsi egin duela eta 14:00etan jarduera etengo duela. Azaldu dutenez, arratsalde eta gaueko txandetan, langile jakin batzuei deituko diete lantegiko makinen mantentze lanak egin ditzaten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Nafarroa EAE albisteak CAF Gaixotasunak bideoak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Lasarte-Oria Ordizia Beasain Albisteak Volkswagen Lazkao COVID kasuak Industriaren azken ordukoak Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan