Ekonomia -
Zaldibarko luizia
Ostiralean Urkullu zabortegira lagundu zutenik gezurtatu dute Beltranen senideek
Ostiralean lehendakariarekin izan zuten bilera utzi eta zabortegira joan ez zirela ziurtatu dute langilearen senitartekoek, Eusko Jaurlaritzak bisitaren berri eman zuela jakin ondoren.
Agentzia | Erredakzioa
Joaquin Beltran langilea harrapaturik geratu zen otsailaren 6an, Zaldibarko zabortegia behera etorri ondoren. Haren familiak Iñigo Urkullu lehendakaria kritikatu du larunbat honetan. Beharginaren senideen hitzetan, "Administrazioak gertatutakoan erantzukizunik" ez duela esan zien Urkulluk ostiralean. Familiaren arabera, ardura guztia "Verter Recyclingi" egotzi zion agintariak. Horregatik, "errespetua, gizatasuna eta lotsa" eskatu dute senitartekoek.
Gainera, lehendakariarekin izan zuten bilera utzi eta zabortegira joan ez zirela ziurtatu dute langilearen senitartekoek, Eusko Jaurlaritzak bisitaren berri eman zuela jakin ondoren.
"Murrizketa sorta bat betetzeko baldintzapean" lehendakariarekin biltzea onartu zuen familiak aurrekoetan, senideek ohar batean azaldu dutenez, "baldintza nagusia komunikabideei hitzorduaren eta edukiaren berririk ez ematea" zen.
Martxoaren 13an, ostirala, beste hitzordu bat eskatu zien Eusko Jaurlaritzak. "Baldintza berdinekin adostu genuen", baina bilera hasi ondoren "komunikabideei nahita filtratu ziotenaren berri" izan eta batzarra utzi zuen familiak. "Lehendakaritzak emandako hitza jan zuen", salatu dute senideek.
"Hori gutxi balitz, Julian Beloki Eusko Jaurlaritzako Komunikazio zuzendariaren ohartarazpena jaso genuen senideok: kontuz zer esaten duzuen komunikabideetan" salatu dute, eta "errematatzeko" Urkulluk berak "Administrazioak gertatutakoan erantzukizunik ez duela esan" eta guztia "Verter Recyclingi eta Excavaciones y Construcciones Joaquin Beltrani" leporatu ziola kritikatu dute beharginaren senideek.
Azkenik, "enpatia bakarrik ez da. Erakunde gisa maila ematea soilik ez da. Hitzemandakoa betetzea bakarrik ez. Gizatasuna, errespetua eta lotsa da", azpimarratu dute.