Ekonomia -
Taxi-zerbitzua
EAEko taxilariek ez dute VTCen kontrako protestarik egingo, oraingoz
Ertzaintza eta udaltzaingoak alokairuko auto txoferdunak ikuskatzen hasiko direla agindu diete. Hala egin ezean, Taxilarien Euskal Federazioak neurriak hartuko dituela ohartarazi du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako taxilarien elkarteek alokairuko auto gidaridunen (VTC) aurkako mobilizazioak egingo dituzte datorren otsailaren 18an. Taxilarien Euskal Federazioak, berriz, protesta horiekin bat ez egitea erabaki du.
Ertzaintza eta tokian tokiko udaltzaingoak VTCak ikuskatzen hasiko direla agindu diete eta, ondorioz, mobilizaziorik ez egitea ebatzi dute. Hori bai, balizko ikuskatze horiek hamabost egunetan abian ez badaude, "neurriak" hartuko dituztela ohartarazi dute.
Borja Musons euskal taxilarien elkarteko presidenteak ohar batean azaldu duenez, VTCei egingo dizkieten "ikuskapenen egutegia" helarazi diete eta "ertzainak eta udaltzainak esparru horretan trebatuko" dituztela jakinarazi diete.
Horregatik, eta aukera bat emateko, Espainiako Estatuan deitutako protestekin bat ez egitea erabaki dute.