Ekonomia -

AHT

Bilboko eta Gasteizko sarbideen lanak Jaurlaritzaren esku uztea hitzeman du Abalosek

Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du lanok Gasteizko Gobernuaren esku uzteko.

Baliteke Jaurlaritzak bere gain hartzea Gasteiz eta Bilborako sarbideak. Argazkia: ETBren bideo bat
Baliteke Jaurlaritzak bere gain hartzea Gasteiz eta Bilborako sarbideak
Bilboko eta Gasteizko sarbideak Jaurlaritzaren esku uztea hitzeman du Abalos ministroak

1:27

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Jose Luis Abalos Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Espainiako ministroak konpromisoa hartu dute AHTren Bilboko eta Gasteizko sarbideak Jaurlaritzaren esku uzteko.

Tapiak eta Abalosek bilera egin dute ostegun honetako arratsaldean Madrilen, euskal agendan egin gabe dauden azpiegiturekin lotutako gaiei bultzada berri bat emateko. Gai horien artean dago, besteak beste, Euskal Yaren garapena. Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu dute mandatua zabaltzea aztertzeko. Akordioa lortuta, Eusko Jaurlaritzak Bilboko (Zaratamo-Abando zatia) eta Gasteizko (Arkautiko korapiloa) sarbideak egiteko aukera izango luke.

Jaurlaritzak, gainera, bere lanak "garaiz eta eraz" betetzen jarraituko du, hartutako konpromisoei erantzuteko. 2023an, Gipuzkoako adar guztia, Donostiako geltokia (datozen asteetan esleituko dira) eta Ezkioko geltokia, osatuta egongo da.

Ohar batean adierazi duenez, gainegituraren instalazioa ez atzeratzeak kezkatzen zuen Eusko Jaurlaritza, eta Adifek baieztatu du dagoeneko hasi dela horren proiektua idazten, eta ziurtatu du ez dela "bide kritikoa" izango.

Tapia sailburuak nabarmendu duenez, “gaurko bultzadak eskatzen du ahaleginak areagotzea, atzerapen handiena dagoen lekuetan”; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa Gipuzkoatik haratago hedatzen da, eta Bizkaia eta Araba ere hartzen ditu. Horretarako, eskura dauden bitarteko pertsonal eta tekniko guztiak gaitu ditu.

Bileran hartutako erabakiak

Bilboko geltokiari dagokionez (Abandokoa da), bileran erabaki dute konpromisoa hartzea Bilborako sarbideari eta abiadura handiko geltokiari buruzko informazio-azterlana behin betiko onartzeko eta eraikuntza-proiektuak 2020ko martxoaren 31 baino lehen idazten hasteko. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren aldeko mandatua handitzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek, eraikuntza-proiektua eta Bilbora sartzeko obrak egiteko (Zaratamo-Abando tartea). Horrez gain, lurperatzea eta geltokia finantzatzeko hitzarmen bat ezartzeko konpromisoa ere hartu dute.

Gasteizko geltokiari dagokionez (Datokoa da), ostegun honetan bertan bidali diote Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako Ministerioari Gasteizko sarbideari eta lurperatzeari buruzko informazio-azterlana. 2020ko irailerako behin betiko onartuta egon beharko du, eta, bitartean, eraikuntza-proiektuak egiten hasiko dira. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren aldeko mandatua handitzeko konpromisoa hartu dute, eraikuntza-proiektua eta Gasteizera sartzeko obrak egiteko (Arkautiko Korapiloa), bai eta lurperatzea eta geltokia finantzatzeko hitzarmen bat ezartzeko konpromisoa ere.

Ezkioko geltokiaren gainean, 2020ko martxoan proiektuari oniritzia emateko konpromisoa, itxi dute, ETSk obra lizitatu ahal izan dezan. Eta Astigarraga-Oiartzun-Lezo tarteari dagokionez, adostu dute 2020ko martxorako informazio-azterlana amaitu eta jendaurreko informazioari ekitea, aldi berean ETSk eraikuntza-proiektua lizitatu ahal izan dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak AHT Euskadi