Ekonomia -
Pentsio duinak
Pentsiodunek gutun bidez egin dizkiete eskaerak Urkulluri, Sanchezi eta Iglesiasi
Euskal pentsiodunen mugimenduko bozeramaileak ohartarazi duenez, oker daude "etenik gabeko bi urteko borroka" igaro ondoren, pentsiodunak "gelditu" egingo direla uste badute.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutun bana igorri die Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Pablo Iglesias presidenteordeari, talde parlamentarioetako ordezkariei eta Iñigo Urkullu lehendakariari, euren aldarrikapenei kasu egiteko eskatuz, orain arte ez dietela erantzun iritzita.
Jon Fano euskal pentsiodunen mugimenduko bozeramaileak azaldu duenez, "Estatuko gainerako lekuetan ere babes sozial handia duen mugimendu bat" dagoela ikusarazi nahi diete agintariei gutun horien bitartez. Ildo horretatik, ezin direla euren eskaerei "gutxieneko erantzun egokia eman gabe" egon azpimarratu du Fanok.
"Pentsioen igoera % 0,9koa izan da, baina gutxieneko pentsioen kasuan ere kopuru bera igo dute. Gainera, lanbide arteko gutxieneko soldata 950 eurora igo dute bakarrik", salatu du Fanok. Bere iritziz, horrek erakusten du "botere ekonomikoei beldur" dietela gobernuek, eta "horiek egiten dieten presioak baldintzatuta" daudela.
Testuinguru horretan, euskal pentsiodunen ordezkariak ziurtatu du oker daudela "etenik gabeko bi urteko borroka" igaro ondoren, pentsiodunak "gelditu" egingo direla uste badute. "Epe laburrera eta ertainera begira ez dezatela zalantzarik izan, borrokarekin jarraituko dugu", ohartarazi du Fanok.
Halaber, Andrea Uña kolektibo horretako kideak ere adierazi du pentsiodunek "kalean jarraitzeko asmoa" duela, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30eko greba orokorrean deialdiarekin bat egiteko nolabaiteko desadostasunak egon baziren ere.
Ildo horretatik, "pentsiodunen mugimenduaren gehiengoa batuta" dagoela nabarmendu du, eta "ados ez dagoen baina gehiengoa ez den talde bat" dagoela zehaztu du.