Ekonomia -

Lan-gatazka

Bizkaiko kiroldegietan greban jarraituko du ELAk, Cebeken proposamena baztertu ostean

Gainerako sindikatuek, ordea, alde batera utzi dituzte mobilizazioak gehiengoa duten lantokietan, eta langileek patronalaren proposamena babesten duten edo ez ezagutzeko zain daude.

Bizkaiko kiroldegietako langileen manifestazioa. Artxiboko argazkia: ELA
Bizkaiko kiroldegietako langileen manifestazioa.
Bizkaiko kiroldegietako langileen manifestazioa. Artxiboko argazkia: ELA

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko kiroldegietan datozen egunetarako aurreikusita dauden lanuzteei eustea erabaki du ELA sindikatuak, Cebek patronalak aurkeztutako proposamena nahikoa ez dela iritzita, "ez dituelako jasotzen sektorearentzat funtsezkoak diren aldarrikapenak".

Hori dela eta, beste proposamen bat egin du sindikatuak, eta atzo arratsaldean egindako bileretan eztabaidatu zuten horren edukia, langileen iritzia jakiteko asmoz. Hala, batzarrean parte hartu zuten beharginek, aste honetarako eta otsailaren 4, 5, eta 6rako deitutako grebarekin jarraitzea erabaki zuten.

Gainerako sindikatuak, ordea, alde batera utzi dituzte mobilizazioak gehiengoa duten lantokietan, eta langileek patronalaren proposamena babesten duten edo ez jakiteko egingo dituzten galdeketen emaitzen zain daude.

ELAren ustez, negoziazio-mahaian eman diren urratsak ez dira nahikoak, eta, "hala berretsi dute langileek batzarrean". Izan ere, hilabeteak daramatzate jada euren hitzarmena "zaharkitua" geratu dela eta "gaur egungo errealitatera egokitzeko beharra" dutela esaten.

Urtarrilaren 9an Cebekekin izandako azken bileraren ostean, CCOO, UGT eta LAB sindikatuek lanuzteak bertan behera uztea erabaki zuten, eta langileei dei egin zieten patronalaren proposamena "nahikoa" iruditzen bazaie, euren lantokietan batzarrean bozka dezaten.

Dena dela, ELAren ustez, "batzarretan gehiengoz erabaki zen enpresa-proposamena ez onartzea, oraindik negoziazioaren hainbat puntutan hobetzeko aukera dagoelako eta, gainera, patronalaren eskaintzan funtsezko alderdiak falta direlako".

Bizkaiko kirol lokal eta zelaietako langileek, besteak beste, honako hobekuntza hauek eskatzen dituzte: hitzarmena berritzea, 35 orduko lanaldia, soldata-igoera (KPIaren gainetik), eskolak eta ikastaroak prestatzeko orduak, ikasle eta erabiltzaileen ratioa murriztea, batez beste 1.200 euroko soldata eta 60 minutu gisa zenbatzen diren 50 minutuko eskola-orduak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana CEBEK albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Enpresaburuak CCOO UGT Lan gatazkak Kiroldegiak