Ekonomia -
U30
Greba orokorraren deialdia erregistratu dute sindikatu deitzaileek
ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuen hitzetan, 'estutzeko garaia da, eskubide sozialak mobilizatuz eta borrokatuz lortu izan direlako".
Agentziak | erredakzioa
ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuek ofizialki erregistratu dute gaur urtarrilaren 30erako greba orokorraren deialdia. Nabarmendu dutenez, "arrazoiak badaude, soberan, enplegu, pentsio eta bizitza duin baten alde kalera ateratzeko".
Deialdia erregistratu aurretik adierazpenak egin dituzte Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek. Greba Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak (aipatutako sindikatuez gain, pentsiodunen elkarteak eta beste eragile sozial batzuk daude horren baitan) deitu zuen.
Mitxel Lakuntzaren esanetan, "arrazoiak soberan" daude grebara jotzeko, honako hauek aipatu ditu, besteak beste: "euskal gizartearen bizi baldintzen kaskartze progresibo eta begibitakoa, pobrezia, soldata arrakala, prekarietatea.."
Nabarmendu duenez, "estutzeko garaia da, kalean egoteko garaia. Gaur egun pentsioei buruz hitz egiten bada, pentsiodunek kalean estutu dutelako da; berdintasunez hitz egiten bada, mugimendu feminista kalean dagoelako da; eta prekarietateaz hitz egiten bada, sindikatuak kalean gaudelako da".
Horren ildoan, azpimarratu du "edozein neurri edo hobekuntza, kalean egiten dugun presio sozialaren araberakoa" izango dela.
Ingurumaria horretan, mezua bidali nahi izan die Lakuntzak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: "Urkulluren eta Chiviteren gobernuak ezin dira ezkutatu dauden arazo horien aurrean. Pobrezia, esaterako, hazten ari da, eta administrazio publikoek erantzukizun handia dute horretan. Eta ezin direla ezkutatu diogu egoera iraultzeko tresnak eta baliabideak izan badituztelako".
"Grebarako arrazoi gehiago"
Bestalde, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak dei egin du urtarrilaren 30ean "mugarri berri bat" jartzeko "sistema honen kontrako langileon borrokan". Azaldu duenez, "ofentsibara" begirako greba izango da. "Ofentsibara, lan guztien aitortza politiko eta soziala eskatuko dugulako, zaintza lanena barne. Azken horiek ezinbestekoak direlako bizitza sostengatzeko. Ofentsibara, enplegu duina ere aldarrikatuko delako eta ofentsibara, pentsio duinen alde", erantsi du.
Horrez gain, greba iragarri zutenetik (urrian) "arrazoi gehiago" daudela gaur: "Batetik, Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua onartu delako, Nafarroako Gobernuko aurrekontu proiektua ezagutzen dugulako eta hor dagoelako Madrilen PSOEk eta Unidas Podemosek sinatutako akordio programatikoa. Gobernuen agenda eta lehentasunetan ez zaie erantzuten grebara eraman gaituzten aldarrikapenei, gobernuen politika publikoetan ez daude jasoak grebarako aldarrikapenak".
Azkenik, Aranburuk gogora ekarri ditu aurten lanean zirela hildako sei beharginak. "XXI. mendean gaude eta gaur egun lanera joateak gaixotzea edo hiltzea esan nahi du gehiegitan. Hau, langileenganako indarkeria mota bat da. Hildako bakar bat egotea onartezina litzatekeela gaineratu du. Bizitza duinaren alde, langileen lan-osasunerako eskubidea ere defendatuko da urtarrilaren 30eko greban".