Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

Donostian AHTaren geltokia egiteko lanak lizitatu ditu Eusko Jaurlaritzak

'Euskal Y'-aren hiru terminaletatik lehena izango da Atotxako geltoki berria. Lanek 97 milioi euroko aurrekontua dute, eta 2023rako amaituko dituzte.

Atotxakoa izango da hiru hiriburuetan eraikiko diren euskal Y-aren hiru terminaletan lehena. Irekia
Atotxakoa izango da hiru hiriburuetan eraikiko diren euskal Y-aren hiru terminaletan lehena.
2023an Donostiak izango du Abiadura Handiko Trenaren lehen geltokia Euskadin

1:19

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Donostiako abiadura handiko trenaren geltokia egiteko lanen lizitazioa abiatu du, Euskal Trenbide Sarearen bidez. Lanek 97 milioi euroko aurrekontua (BEZa barne) eta 42 hilabeteko exekuzio-epea dute; beraz, 2023rako amaituko dituzte.

Horrela, Atotxa euskal hiriburuetan eraikiko diren 'Euskal Y'-aren hiru terminaletatik lehena izango da. Lan horiek Jaurlaritzaren esku egongo dira, 2017an Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak zabaldu egin baitzuen 'Euskal Y'-aren Gipuzkoako tartearen lanak egiteko agindua.

Atotxako geltoki berria egungoaren arkitekturan eta Tabakaleraren ingurunean integratuta egongo da, eta hainbat garraiobide konektatuko ditu: aldirietako trena, abiadura handiko trena eta autobusak (autobus-geltokia independentea bada ere, konexioa nabarmen hobetuko da).

Geltoki berriak, hainbat beharrizan betetzen dituela bermatzeaz gain, udal-araudiak berak jasotako bi baldintza bete beharko ditu: batetik, egungo markesina kontserbatu beharko du, Jean Biarez ingeniari frantsesak, Alexandre Gustave Eiffelen kolaboratzaileak, egin baitzuen; bestetik, Maria Cristina zubiaren aurreko zutabeak kontserbatu beharko ditu. Ahal den neurrian, beraz, egungo geltokiaren arkitektura errespetatu beharko du.

BIDEOA | Horrelakoa izango da AHTaren Donostiako geltokia:

Horrelakoa izango da AHTaren Donostiako geltokia
Horrelakoa izango da AHTaren Donostiako geltokia
Horrelakoa izango da AHTaren Donostiako geltokia

1:00

Ibilbide luzeko eta aldirietako trenen atarteak beheko solairuan egongo dira, trenbideen azpian, eta bi atarteen arteko konexioa Frantzia pasealekuaren eta Nestor Basterretxea plazaren arteko beheko igarobidea izango da; horretarako, 7.400 m2-ko azalera duen gunea eraiki beharko da trenbide-zabalgunearen eta egungo eraikinaren azpian.

Beste bi solairu gehitzea proposatzen da, antzeko altuera eta luzera izango dituztenak; errezel-hormako fatxada izango du, bai eta zeramikazko ezaugarriak dituen sareta bat ere, eguzkitik babesteko. Horrek are balio handiagoa emango dio egungo eraikinari.

Hala, lau solairuko eraikina proposatzen da, honetara banatuta:

- Sestra azpiko solairuan, bulego teknikoak, geltokiaren instalazioak eta ustiaketari lotutako beste biltegi batzuk egongo dira.

- Beheko solairuan, sarbide nagusia egongo da, markesina batek babestuta eta geltoki zaharraren fatxadaren ardatzean kokatuta. Bertatik sarbidea egongo da atarte batera, aldirietako tren-txartelen autosalmenta-makinetara iristeko, baita pasabide zabal batera ere; pasabideak ibilbide luzeko trenen atartera eramango gaitu, eta atarte horretatik beheko solairura jaitsi ahal izango gara, eskailerak edo igogailua erabiliz.

- Lehen solairuan, konpartimentutan banatutako hainbat gune egongo dira, eta bulegoak, bainugelak eta aldagelak, trenbide-instalazioak eta segurtasun-lokalak egongo dira bertan.

- Bigarren solairuan, zirkulazio-kabinetea, bulegoak eta bainugelak egongo dira.

AHT DONOSTIA

Beheko solairuan geltoki berriak hartuko duen tokia dela-eta, espazioa mugatuta egongo da; ondorioz, eskanerren kontrola eta nasetarako sarbidea beheko solairuko ibilbide luzeko trenen atartean jarri behar dira.

Ahal den neurrian "soto-efektua" ezabatze aldera, espazio bikoitza edo mezzanine bat proposatu da, argi naturala sar dadin; horri esker, beheko solairua eta Frantziako pasealekua zuzenean ikusi ahal izango dira.

Ibilbide luzeko trenen beheko atarte hori zuzenean konektatuta egongo da Maria Cristina zubiaren eta Nestor Basterretxea plaza berriaren artean dagoen lurpeko igarobidearekin. Baldintza espazialak hobetze aldera, plazaren luzapen gisa diseinatu da.

Kontrola igaro ondoren, bidaiariak erdiko nasetara iritsiko dira eskailera arruntak, eskailera mekanikoak edo igogailua erabilita. Hiru nasa horiek ibilbide luzeko trenei emango diete zerbitzua. Ibilbide luzeko trenetarako sarbidearen aurrean, aldirietako trenen atarterako sarrerak egongo dira, autosalmenta-makinekin. Aldirietako trenen atartetik muturreko nasetara iritsi ahalko dira erabiltzaileak (goiko solairuan), bertatik aterako baitira aldirietako trenak.

Donostia AHT

Ingurunearen ezaugarriei esker (diseinatutako trenbideen gunea, Tabakaleraren eraikina), plataforma berri bat eraiki ahal izango da, eta horrek nasa berriek eratutako beheko espazioa estaliko du. Plataforma hori plaza publiko bat izango da, herritar guztiek erabil eta goza dezaten.

Frantziako pasealekutik ere sartu ahalko da plazara, 8 metroko zabalera izango duen eskailera batzuen bidez; horrez gain, arrapala bat ere egongo da, garbiketa-zerbitzu motordunak sartu ahal izateko. Arrapala horrek izaera publikoa duten kanpoko espazioen irisgarritasun-baldintzak beteko ditu. Nestor Basterretxea plazatik iristeko, egun dauden eskailerak erabili ahalko dira, baita eraikiko den igogailua ere.

Horrez gain, Tabakaleratik ere zuzenean sartu ahalko da bertara; izan ere, egun lehen solairuko erdiko gunean, mendebaldeko fatxadan, dauden leihoak ate bihurtuko dira.

Sarbide horiei esker (eskailerak eta arrapala), 7.900 pertsona ebakuatu ahalko dira (egungo araudien arabera, gehienez ere horiek hartu ahalko ditu plaza horrek).

Bestalde, plazaren hegoaldean plataforma etzan bat (% 6ko malda) jarriko dute ekimenak edo kontzertuak ikusteko harmailak balira bezala erabiltzeko, eta erabilera ludikoa emateko aukera eskaintzeko (irristailuak, skateak eta abar erabiltzeko). Plataforma horren aurrean agertoki bat jarri ahalko da, 10 bider 5 metrokoa, noizean behin antolatuko diren ekimen horietarako.

AHT geltokia Donostia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa Eneko Goia Turismoa Euskadi Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskal Y