Ekonomia -

Zergak

Arabak aztergai du Athletici mesede egiten dion Bizkaiko zerga aldaketa

Ogasun Departamentutik zehaztu dutenez, egitekotan, 2020tik aurrera egingo litzateke moldaketa. Cristina Gonzalez Arabako Enplegu diputatuak ohartarazi du PSE-EE ez dela neurri horren aldekoa.

Bizkaiak Athleticeko jokalariei emango dizkien onura
Baskonia taldeko jokalariak
Bizkaiak Athleticeko jokalariei emango dizkien onura

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiak "nabarmen irregularrak" diren errenten gaineko fiskalitatea aldatu duela eta, moldaketa aztertzen ari dela adierazi du Arabako Ogasun Departamentuak, EAEko "beste bi lurraldeek egiten dituzten zerga-arau moldaketa guztiekin" egiten duten gisan.

Bizkaiko Ogasunak abuztuan onartutako neurriak hautsak harrotu ditu. Izan ere, diru-sarrera bereziak dituzten herritarrei eragiten die neurriak, adibidez, Athleticeko futbol jokalariei. Orain arte, Foru Aldundiak gehienez 150.000 euro uzten zituen zergarik gabe, baina muga hori kendu du orain. Hori horrela, aurrerantzean errenta mota horiek ez dute PFGZ ordainduko, diru-sarreraren zenbatekoa dena delakoa izanda ere.

Bizkaiko Ogasunak arrazoitu duenez, kasu bereziak dira eta ez litzateke justua izango PFGZ arrunta aplikatzea, gainerako langileei bezala, % 49a zergatan ordaindu beharko bailukete.

Albistea ezagutu eta berehala, Alavesek eta Baskoniak Araban ere arau bera ezartzea eskatu dute.

Arabako Ogasuneko iturriek EFE albiste agentziari azaldu diotenez, araua aztergai dute, eta aldaketa egitekotan, 2020tik aurrera egingo litzateke. Datorren urtean berrikusi behar dute EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako zerga erreforma.

PSE-EE ez dago neurriaren alde

Auziaz galdetu diote gaur Radio Vitorian Cristina Gonzalez Arabako Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru diputatuari (PSE-EE). Nabarmendu duenez, sozialistak ez dira zerga aldaketa horren aldeko.

Gonzalezen hitzetan, Bizkaiko Foru Aldundiak "bere kabuz hartu du neurria, eta ez du Arabarekin eta Gipuzkoarekin hitz egin". "PSE-EEk ez dugu uste eliteko kirolariei zerga-salbuespen edo murrizketarik egin behar zaienik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Baskonia Bizkaia Araba Errenta aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Alaves PSE-EE Gastu publikoa Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia