Ekonomia -

Greba Bizkaian

Muturreko jarraipen-datuak eman dituzte metalgintzako sindikatuek eta patronalak

Milaka langilek protesta egin dute Durangon eta Barakaldo eta Sestao artean egindako bi manifestaziotan. Bi pertsona atxilotu dituzte.

Bizkaiko metalgintzako langileek Sestaon egin duten manifestazioa. Argazkia: EFE
Langileek Sestaon egin dute manifestazioa
Bizkaiko metalgintzako langileek Sestaon egin duten manifestazioa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko metalgintza sindikatuen datuen arabera, gaurko grebaren jarraipena aurreko bi egunetakoen "antzekoa edo pixka bat handiagoa" izan da; eta, horrenbestez, % 80tik gorakoa izan da. Patronalaren arabera, berriz, jarraipena ez da % 19ra heldu.

Bizkaian, metal sektoreko 50.000 langile greba egitera deituta daude gaur. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sektoreko lan-hitzarmen berri baten alde deitutako bost greba egunetatik laugarrena da. Aurreko greba egunak maiatzaren 23an, ekainaren 6an eta 7an egin zituzten. Bihar, ostirala, ere greba egitera deitu dituzte beharginak.

Ezkerraldean, milaka langilek manifestazioa egin dute Sestao eta Barakaldo artean, lan hitzarmen duina aldarrikatzeko eta negoziazio kolektiboaren blokeoa salatzeko. ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuek babestu dute martxa. Durangon ere protesta jendetsua egin dute.

Ezkerraldeko manifestazioa hasi baino lehen hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Mikel Etxebarria ELAko ordezkariak esan du grebaren jarraipena “masiboa” izan dela berriz, eta langileek “erantzun oso ona” eman dutela “patronalaren jokaera arduragabearen aurrean”.

Etxebarriaren esanetan, ostegun honetako grebaren jarraipena hilaren 6koaren eta 7koaren “antzekoa edo pixka bat handiagoa” izan da. Egun horietan, langileen % 85ek egin zuten bat lanuzteekin.

Eulate Zilonizaurrekoetxea LABeko bozeramaileak salatu egin du “FVEMen aginduetara zeuden jazarpen indarren jokaera”, eta langileen artean “atxilotutakoak, zauritutakoak eta identifikatutakoak” izan dela gaineratu du.

Horren hitzetan, beharrezkoa da negoziatzea lan hitzarmen duina lortzeko. “Bizkaiko metalgintzaren langileek argi eta garbi esan dute %80ko baino gehiagoko parte-hartzearekin”.

Javier Gomez Euskadiko CCOOren Industria arloburuak “arrakastatsu”tzat jo du greba eguna, eta langileek erantzun “oso argia” eta “indartsua” eman dutela goratu dute. Gainera, “patronalak [jarrera] aldatu arte” mobilizazioekin jarraituko dutela aurreratu du.

Jose Maria Rojo UGTko ordezkariak “oztopoak” jartzea egotzi dio patronalari, eta negoziazioa blokeatzen jarraitzen badu langileek “kalean [protesta egiten]” jarraituko dutela nabarmendu du.

FVEM patronalaren arabera, grebaren jarraipena % 19koa izan da, aurreko egunetakoa baino "txikiagoa", alegia. Sindikatuen arabera, berriz, ekainaren 6an eta 7an egindako greben antzeko jarraipena izan du gaurkoak, % 85eko ingurukoa, alegia.

Sindikatu deitzaileen arabera, grebaren jarraipena handia izan da. FVEM patronalaren esanetan, ordea, jarraipena % 19koa izan da, "aurreko egunetakoa baino apalagoa".

Grebak eragozpenak eragin ditu errepideetan. Goizeko lehen orduan, piketeek N-636 errepidea itxi dute, Elorrion, Kanpanzar gainean pneumatikoak erreta.

N-634 errepidean, Zornotzan, protestan ari ziren hainbat pertsonak pneumatikoei su eman diete. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzarekin izandako gorabeheretan bi pertsona atxilotu dituzte agintaritzaren aurkako delitua egotzita. Suhiltzaileek sua itzali eta errepideetako langileek bidea garbitu ostean, trafikoa normaltasunera itzuli da.

Piketeek pneumatikoei su eman diete Zornotzan

N-634 errepidea itxi dute Zornotzan, pneumatikoak erreta. Argazkia: Iurretako suhiltzaileak

Halaber, zirkulazio arazoak izan dira Bilbon, San Mameseko sarreran, eta tarteka mozketak egin dituzte.

Astelehenean patronalak eta sindikatuek egindako bilera akordiorik gabe amaitu ostean, mobilizazioekin jarraitzea erabaki zuten. Sindikatuek atzera bota zituzten Bizkaiko Metaleko Enpresen Federazioak proposatutako igoerak, nahikoak ez zirela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Sestao argazkiak Bizkaiko albisteak Barakaldo Amorebieta-Etxano bideoak ELA albisteak LAB albisteak Grebak gaur EAE albisteak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Durango argazkiak Albisteak Elorrio azken ordukoa Euskal sindikatuak CCOO albisteak UGT Langileen Batasun Orokorra Lan gatazkak Metalgintza albisteak ESK sindikatuaren azken ordukoa