Ekonomia -

Lan-gatazka

Bilera antzua izan dute Jaurlaritzak eta itunpeko hezkuntzako sindikatuek

ELAk salatu duenez, Hezkuntza Sailak gatazkan esku hartzen ari delako 'itxurak' egin nahi du, baina ez du proposamenik egin. Jaurlaritza ere 'etsita' azaldu da sindikatuen 'ezezkoaren' aurrean.

Sindikatuek deitutako manifestazio bat. EFEren artxiboko irudi bat
Sindikatuek deitutako manifestazio bat
Sindikatuek deitutako manifestazio bat. EFEren artxiboko irudi bat

2:46

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilera antzua egin dute goizean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako sindikatuek. Jaurlaritzak deituta, exekutiboak Gasteizen duen egoitzara joan dira sindikatuak, 10:00etan. Ordu eta erdi geroago, bi aldeak "etsita" azaldu dira komunikabideen aurrean.

Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak esan duenez, Jaurlaritzak "itxurak" egin nahi zituen gaurko bilerarekin, "gatazka honetan eskua hartzen ari denarena-edo", baina ez du "planteamendu edo proposamen egokirik" egin, salatu du.

Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, berriz, adierazi duenez, "Jaurlaritzatik beti esan dugu gu ez garela parte izango gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeen gatazkan, baina laguntzeko borondatea badugula. Gaur etsita atera naiz bileratik, sindikatuen aldetik erantzun bakarra jaso dugu: ez, ez eta ez".

12:30ean patronalarekin biltzekoak ziren Hezkuntza Saileko ordezkariak.

Sindikatuek biharko Lan Harremanen Euskal Kontseiluan bilera deitu zuten atzo, baina hitzordu horretara joango ez dela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak.

Josu Erkoreka bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu zuenez, Lan Harremanen Euskal Kontseiluaren egoitzan izango da bilera, baina ez du erakunde horren "bermerik". Horrela, batzarrera joango ez dela berretsi zuen Hezkuntza Saileko ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO UGT Steilas Lan gatazkak