Ekonomia -

LANGABEZIA

Langabezia tasa % 10,2ra jaitsi da EAEn 2019ko lehen hiruhilekoan

Lanik gabe dauden emakume kopuruak gora egin du (4.800 emakume gehiago lan gabe). Oro har, lanean ari den pertsona kopuruak % 0,2 egin du behera (2.300 pertsona), 935.100 langiletan kokatu arte.

Bi langile obra batean lanean, artxiboko irudi batean. CC0 lizentzia duen argazkia
Bi langile obra batean lanean, artxiboko irudi batean
Bi langile obra batean lanean, artxiboko irudi batean. CC0 lizentzia duen argazkia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasa % 10,2koa izan da 2019ko lehen hiruhilekoan, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur kaleratutako datuen arabera. Datua duela urtebetekoa baino %1,1 txikiagoa da (11.000 langabe gutxiago), eta 2018ko azken hiruhilekoan baino hamarren bat txikiagoa (1.100 langabe gutxiago).

Azken urtean, gora egin du lanean ari den pertsona kopuruak (16.200 gehiago, 9.000 gizon eta 7.200 emakume) eta okupazio tasa % 67,6koa da.

Langabeziaren eta okupazioaren eboluzioaren ondorioz, jarduera tasa % 56,5ean kokatu da 2019ko lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino % 0,1 beherago.

Urteko lehen hiruhilekoan 106.200 pertsona zeuden lanik gabe EAEn. Langabeen artean 49.200 gizonezkoak ziren eta 57.000, ostera, emakumezkoak. Gizonezkoen kasuan langabeziak behera egin du azken hiruhilekoan (5.800 gutxiago) eta emakumeen kasuan, berriz, gora (4.800 gehiago).

Gizonezkoen langabezia tasa % 9koa da (%1,1 puntu gutxiago), eta emakumezkoena, berriz, % 11,5 (% 1 gehiago). Gazteen langabezia tasak jarraitzen du altuena izaten: % 19,7. Gainera, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, % 0,6 igo da.

Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, langabeen jaitsiera handiena Gipuzkoan gertatu da (-1.200), eta langabezia tasa % 7,9an kokatu da, aurreko hiruhilekoan baino % 0,3 beherago. Bizkaian, 61.800 langabe daude, 300 gutxiago, eta langabezia tasa % 11,3koa da, % 0,1 gutxiago. Araban, 500 langabe gehiago daude aurreko hiruhilekoan baino, eta langabezia tasa %0,4 igo da, %11,3raino.

Jarduera sektoreei begiratuta, okupazioa guztietan hazi da, industrian izan ezik. Beste aldean, zerbitzuak nabarmendu dira, okupazio garbia 15.900 pertsona igo baita.

Azkenik, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten etxeak edo familiak 30.800 dira, aurreko hiruhilekoan baino 2.200 gutxiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian 2024 Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba EAE albisteak Lana berriak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Euskal Estatistika Erakundea gaur