Ekonomia -

GREBA

Gatazka konpontzeko 'borondatea eta astia dagoela' esan dute sindikatuek

sindikatuen arabera, grebaren jarraipena ostegun honetan % 60 ingurukoa izan da. Kristau Eskola patronalaren hitzetan, berriz, % 16koa izan da.

Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileen manifestazioa gaur. Argazkia: EFE
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileen manifestazioa
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileen manifestazioa gaur. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste egun batez, gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileek greba egin dute. Gaurkoa asteko hirugarren lanuztea izan da, ikasturte honetako hamazazpigarrena. Oraingoz, lan gatazkak ez atzera ez aurrera jarraitzen du. Sindikatuek, hala ere, gatazka konpontzeko "borondatea dutela eta ikasturtea amaitu aurretik denbora dagoela" esan dute gaur.

"Ez da aurrerapausorik egon. Protesten jarraipena ikusita, patronala negoziazio mahaian esertzea espero dugu", esan du Alain Garcia ELAko ordezkariak Bilbon, goizean egindako elkarretaratzearen ostean.

Sindikatuen arabera ostegun honetako grebaren jarraipena "erabatekoa" eta aurreko egunen antzekoa izan da, % 60 ingurukoa.

Kristau Eskola patronalaren arabera, berriz, grebaren jarraipena % 16koa izan da gaur. Bizkaian % 25eko jarraipena izan du; Araban, % 11; eta, Gipuzkoan, % 6.

Ikasleen gurasoak eta guraso elkarteak kezkatuta daude, greben eraginez ikasturtearen % 30 galtzea eragingo dielako, eta eta sindikatuei negoziatu nahi ote duten argitzea eskatu diete. "Esan dezatela publikoki negoziatu nahi duten ala ez", galdegin dute.

Hainbat haur jolastokian greba egunean

Hainbat haur jolastokian, greba egunean. Argazkia: EFE

Are gehiago, "arbitraje edo bitartekaritza batean" parte hartzea eskatu diete aldeei, gatazkari amaiera emateko. Sindikatuek, ordea, PRECO bitartekaritza organoaren esku-hartzea baztertu dute. Dena dela, negoziatzeko prest daudela berretsi diete patronalei eta Hezkuntza Sailari.

Sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte 11:30ean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Asteartetik ostiralera, 250 ikastetxetako 9.000 langile inguru greba egitera deitu dituzte ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. 100.000 ikaslek ikasten dute zentro horietan. Lau greba egun horiekin batera, beste sei daude antolatuta apirilerako (1, 2, 3 eta 4) eta maiatzerako (8 eta 9). Urteak berritu gabe eman dituen hitzarmen berria eskatzen dute langileek.

Aurreko egunetan, grebaren jarraipenaren inguruko datuak oso bestelakoak izan dira, iturriaren arabera. Sindikatuen esanetan, % 60koa izaten ari da, % 22koa, patronalaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak albisteak Lana berriak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Sindikatuak Espainian CCOO sindikatua UGT Steilas azken ordukoa EAE albisteak Lan gatazkak