Ekonomia -

EAEko itunpeko Hezkuntza

Kristau Eskolak erantzukizuna eskatu die sindikatuei eta Eusko Jaurlaritzari

Sindikatuek egotzitako "immobilismoa eta arduragabetasuna" gaitzetsi ditu patronal nagusiak, eta orain arteko proposamenak "mespretxatu" izana egotzi die sindikatuei.

Huelga en las escuelas concertadas. Foto: EFE
Huelga en las escuelas concertadas
Huelga en las escuelas concertadas. Foto: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kristau Eskolak "erantzukizuna" eskatu die astelehen honetan sindikatuei Giza Ekimeneko itunpeko ikastetxeen gatazkaren negoziazioaren harira. Halaber, "euskal hezkuntza sistema osoaren bermatzaile den heinean, itunpeko ikastetxeetan erantzukizunez jokatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari".

Sindikatuek joan den ostiralean iragarri zutenez, lau lanuzte jarraian egingo dituzte martxoan (12tik 15era), beste lau apirilean (1, 2, 3 eta 4) eta bi gehiago maiatzean (8 eta 9).

Ildo horretan, Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak jakitera eman duenez, kristau ikastetxeek "harremanak mantentzen dituzte gatazkako aktoreekin (sindikatua, Eusko Jaurlaritza) guztiontzako onuragarria den irtenbidea adosteko".

"Kristau Eskola hezkuntza-erkidegoan ematen ari den egoeraz jabetzen da. Aintzat hartu eta eskertzen dugu langile gehienen inplikazioa eta erantzun profesionala gatazkaren eragina ahalik eta txikiena izateko", adierazi du.

Bestalde, Kristau Eskolak aurkeztutako proposamenei sindikatuek egindako "mespretxua" deitoratu du, eta dagoeneko negoziaziorako mahai gainean bost proposamen jarri dituela azaldu du.

"Horiek guztiak ganorazko proposamenak direla" esan du, Kristau Eskola erantzukizunez jokatzen ari baita "ikastetxeetako hezkuntza proiektuen bideragarritasuna eta iraunkortasuna arriskuan ez jartzeko".

Horrenbestez, Kristau Eskolak "erantzukizunez jokatzeko eta lan-gatazka geletara eramatea uztea" eskatu die sindikatuei, baita greba egunak bertan behera uzteko ere. "Mehatxuak eta indarkeria negoziatzeko eta akordio bat adosteko osagai txarrak dira", gaineratu du.

Bestalde, "akordioa lortzeko eta gatazka konpontzeko ahalegin guztiak egiten ari direla" esan die ikasleen gurasoei, "gatazka hori txarra baita guztiontzat".

Hori dela eta, "gure aldetik ez dago immobilismorik, ezta arduragabetasunik ere. Bizi dugun egoerak arduratzen gaitu, zuek eta zuon seme-alabak baitzarete azken finean ondorioak pairatzen ari zaretenak. Arduragabea da gatazka geletara eramatea, kalitatezko hezkuntza eskaintzeko aldarrikapena aitzakiatzat hartuta", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak