Ekonomia -

Itunpeko ikastetxeak

Gurasoen federazioak, patronalei eta sindikatuei: "Negoziatu egin behar duzue"

Eusko Jaurlaritzak gehiegizkotzat jo du zortzi eguneko greba eta gutxiengo zerbitzuak handituko dituela iragarri du. Bestalde, Kristau Eskolak esan du ez duela proposamen berririk aurkeztuko.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, itunpeko ikastetxeetako guraso-elkarteetako ordezkariekin. EFE
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, itunpeko ikastetxeetako guraso-elkarteetako ordezkariekin.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, itunpeko ikastetxeetako guraso-elkarteetako ordezkariekin. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itunpeko ikastetxeetako guraso-elkarteen hiru federazioetako ordezkariak Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin bildu dira arratsalde honetan Bilbon, aipatu zentroetan bizi duten lan-gatazkagatik eta sindikatuek deitu duten greba dela eta beren kezka agertzeko.

Gatazka ikasgeletatik ateratzeko eta negoziazioaren bidez konpontzeko eskatu diete patronalei eta sindikatuei.

"Badakigu negoziazioak zailak izan ohi direla, eta alde guztiek zerbaiti uko egin behar izaten diotela, baina horixe da eskatzen dizueguna; arduraz joka ezazue, egoera oso larria baita", adierazi du Uriartek guraso-elkarteetako ordezkariekin batera egin duen agerraldian.

Itunpeko ikastetxeetan 9.000 lagunek egiten dute lan. Hamar urte daramatzate lan-hitzarmena berritu gabe eta soldatak izoztuta. Bi patronalekin -Kristau Eskola eta Izei- akordio batera iritsi ez direnez, sindikatuek protestak areagotuko dituzte hilaren 16tik aurrera: zortzi eguneko greba deitu dute.

Hezkuntza sailburuak gogoeta egiteko eskatu die sindikatuei, "zortzi eguneko greba gehiegizkoa baita". "Ezin dugu onartu ikasleek kurtsoa galtzea, ezta haien familiek bizi duten egoera luzatzea ere", erantsi du.

Gauzak horrela, Uriartek jakinarazi du greba deitu den ikastetxeetan gutxiengo zerbitzuak handitzea eskatuko duela. Alabaina, ez du zenbateko zehatza argitu.

Ikasleen gurasoen hiru federazioetako ordezkariek adierazi dute Hezkuntza sailburuari laguntza eskatu diotela lan-gatazka ikasgeletatik ateratzeko, "ezerk ez baitu justifikatzen lan-gatazka hau ikasgeletan egotea".

Patronalei eta sindikatuei elkarrizketaren bideari heltzeko exijitu diete: "Bi egun barru greba bat deituta dago. Ahalik eta azkarren hurbilketa bat izan behar da. Mahaian eseri eta negoziatu egin behar dute", azpimarratu dute.

Kristau Eskolak ez du beste proposamenik aurkeztuko

Bestalde, Kristau Eskolak "benetako negoziaziori" ekiteko deia luzatu die sindikatuei, baina soldatari lotutako mugak itunpeko ikastetxeen ereduak ezartzen dituela eta, beraz, horiek aldatze patronalaren esku ez dagoela ohartarazi die.

Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak ohar bidez azaldu duenez, 2017ko azaroaz geroztik patronalak lau proposamen egin ditu lan-hitzarmena berritzeko negoziazioan aurre egiteko, “baina sindikatuek erantzun maximalistak eman dizkigute beti”.

Hortaz, patronalak azpimarratu du hilaren 11n aurkeztu zuten proposamena dela azkena, "hori baita gehienez eskaini diezaiekeguna".

Sindikatuek, besteak beste, soldatak igotzea eta behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea eskatzen dute. Bi patronalek orain arte egindako proposamenak nahikoak ez direla esanez atzera bota dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak Lan gatazkak