Ekonomia -
Herri-Dirubideen Kontseilua
Foru aldundiek markak hautsiko dituzte aurtengo diru-bilketan
EAEko ogasunek 14.706 milioi euro bilduko dituzte aurten, aurreikusitakoa baino 315,2 milioi (% 2,2) gehiago, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak jakitera eman duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Aurtengo zerga itunduen araberako diru-bilketaren itxiera-aurreikuspenak 14.706,5 milioi eurokoak dira. Aurrekontuan 14.391,3 milioi euro zeuden jasota, eta 315,2 milioi gehiago dira, beraz. Horrela, aurreikusten da foru aldundien diru-bilketa kontsolidatuak 2,2 puntutan gaindituko duela EAEn 2018ko ekitaldirako onartutako aurrekontu-aurreikuspena, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren arabera.
2019an, berriz, Euskadiko ekonomiak aurreko urteko erritmo berean jarraituko du aurrera egiten, eta BPG nominalaren hazkundea % 3,8 ingurukoa izango da. Zerga itunduen araberako diru bilketaren bilakaera ekonomiaren hedapen horrekin lerrokaturik egotea espero da, eta kalkulatzen da, beraz, foru-aldundiek 15.265,4 milioi euro bilduko dituztela zerga itunduen bidez. Zifra hori diru-bilketaren 2018rako itxiera-aurreikuspena baino % 3,8 gehiago da.
Kalkulu horik gorabehera, Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua osatzen duten erakundeek "arretaz" ibiltzeko eskatu dute, nazioarteko ekonomiaren gaineko "mehatxuak" direla eta.
Gasteizen, gaur (osteguna), Herri-Dirubideen Euskal Kontseilua osatzen duten erakundeek (Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak eta Eudel) ezagutzera eman dituzte 2018 eta 2019 urteetarako diru-bilketaren inguruko datuak.
2019ko urteari begira, foru aldundiek erakunde komunei egingo dizkieten ekarpenen harira, ezarri da 10.155 milioi euroko ekarpen globala egingo zaiela honako ekarpen-koefiziente horizontalen arabera: % 16,38, Araba; % 50,41, Bizkaia; eta, % 33,21, Gipuzkoa.
Gainera, Egokitzapenerako Funts Orokorraren 2019rako behin-behineko zenbatekoa 114,3 milioi eurokoa izango da. Funts horren finantzazioaren % 70,04 Eusko Jaurlaritzari egokituko zaio eta gainerako % 29,96 foru aldundiei, bakoitzak bere koefiziente horizontalen arabera.
Azkenik, 2019ko ekitaldirako 20 milioi euroko ezohiko funtsa eratzea erabaki dute berriro, gizarte zerbitzuen eta prestazioen kartera garatzeko jarduerak finantzatzeko.