Ekonomia -
PENTSIO DUINEN ALDE
Bizkaiko pentsiodunek maiatzaren 26ko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute
Kolektiboak ohartarazi duenez, PP eta EAJren arteko akordioa eta Toledoko Ituna deiturikoan izandako 'mugimendu txikiak' ez dira nahikoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pentsio duinen alde maiatzaren 26rako Bilbon deituriko manifestazioan parte hartzeko deia egin dio Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak gizarte osoari.
Erretiratuen elkarteek azaldu dutenez, sindikatu guztien eta zenbait eragile sozialen babesa jaso dute dagoeneko. Ildo berean, mobilizazioarekin bat egiteko eskatu diete alderdi politikoei; osterantzean, euren botoa ez eskatzeko.
Manifestazioa Jesusen Bihotza plazan hasi eta Bilboko udaletxearen atarian amaituko da, euren mobilizazioen "sinbolo" gisa jotzen duten tokian.
Pentsiodunen Mugimenduak parte hartzeko deia egin dio "jendarte osoari". "Pentsiodunak, langileak, langabeak, gazteak, erakunde feministak, baserritarrak, arrantzaleak kalera aterako gara gaurko eta biharko pentsio publikoak defendatzeko", adierazi dute Itxiar Madariaga eta Elisa Legarrak pentsiodunen izenean.
Maiatzaren 26ko manifestazioari begira parte-hartzea sustatzeko asmoz, pentsiodunek Bizkaiko Udaletara bisitak egingo dituzte bi helbururekin: batetik, Udalak manifestaziora joatea; bestetik, Udalek herritarrei deialdia egitea lortzea.
Kolektiboko bozeramaileek berretsi dutenez, PPk eta EAJk pentsioen inguruan lorturiko akordioa eta Toledoko Ituna deiturikoan izandako "mugimendu txikiak" ez dira nahikoak. Hori dela eta, euren aldarrikapenei eusten diete: KPIaren igoera pentsio guztiei, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta iraunkortasun faktorea indargabetzea.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako pentsiodunen elkarteek bilera egingo dute maiatzaren 17an Gasteizen, hilaren 26ko mobilizazioei buruz hitz egiteko.