Ekonomia -
Lan eskaintza publikoa
Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleen LEPa otsailean deituko dute
1.511 plazako oposizio hauek bi proba izango dituzte. Halaber, Hezkuntza Sailak 260 plaza inguruko lan eskaintza publikoa deitzea eskaini du, hezkuntza behar berezietako irakasleei zuzenduta.
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntza Sailak 1.511 plaza jasoko dituen lan eskaintza publikoa (LEP) deituko du 2018ko otsailean Bigarren Hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako, mahai sektorialeko sindikatuei asteazken honetan iragarri dien moduan.
Sailetik ohar baten bidez azaldu dutenez, oposizio hauek bi proba izango dituzte. Lehenengoan gai bat idatziz eta jarduera praktiko bat garatu beharko dute. Bigarrenean, berriz, programazio didaktiko bat aurkeztu eta defendatu beharko dute hautagaiek. Horrekin batera, programazioarekin zerikusia duen unitate bat egin beharko dute, baita ahoz azaldu ere, edota espezialitatearen ikasgai-zerrenda ofizialetik hasita egin beharko dute.
Bigarren Hezkuntzan, 27 espezialitatetan aterako dituzte plazak, besteak beste, gai hauetan: Filosofia, Latina, Marrazketa, Ingelesa, Matematikak, Informatika, Bitartekotza Soziokomunitarioa eta Teknologia.
Lanbide Heziketari dagokionez, lan eskaintza publiko honetara aurkezten diren hautagaiek zazpi espezialitatetan sartzeko aukera izango dute, arlo teknikoagoetan: Prozesu Komertzialak, Aplikazio Informatikoetako Sistemak, Ibilgailuen Mantenua, Mekanizatua eta Makinen Mantenua.
Lan eskaintza publiko honen barruan, sarbide probez gain, goi-mailako gradu batera sartzeko prozedura selektiboak ere deitu dituzte.
Hezkuntza behar berezietako irakasleak
Halaber, legealdi honetan 260 plaza inguruko lan eskaintza publikoa deitzea eskaini die sindikatuei Hezkuntza Sailak, hezkuntza behar berezietako irakasleei zuzenduta.
260 plazako eskaintza honek “balizko bide juridiko guztiak agortzen ditu”, eta sektorean egungo bitartekotasuna 30 puntu murriztea ekarriko du, Jaurlaritzak ohar horretan azaldu duenez.