Zinemaldia 2020 | Donostiako Nazioarteko Zinemaldia 2020
Zinemaldia
ZINEMALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Biek parte hartuko dute Donostiako Zinemaldiko New Directors sailean, beste bost opera prima eta lau bigarren filmekin batera.
EiTBk parte hartu duen David Perezen Ane de eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak filmek Donostiako Zinemaldiko New Directors sailean parte hartuko dute, beste bost opera prima eta lau bigarren filmekin batera, Brasil, Txina, Hego Korea, Japonia, Vietnam, Frantzia, Holanda, Irlanda, Polonia, Erresuma Batua, Errusia eta Espainiak ekoitzitakoak.
Kutxabank-New Directors saria lortzeko lehiatuko diren filmen berri eman dute astearte honetan. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak esan duenez, film luzean debuta egiten dutenen artean, aurretik Donostiako Zinemaldian sortutako, saritutako edo programatutako proiektuak dituzten lau zinemagile daude.
Isabel Lamberti errealizadorearen kasua da, zeina La última primavera filmarekin etorriko den. David Perez bilbotarrak, aldiz, Ane filma aurkeztuko du, eta Imanol Rayo nafarrak Hil kanpaiak, bigarren film luzea. Irailaren 18tik 26ra bitartean egingo den edizio honetako film espainiarrak aurkeztu zirenean iragarri ziren hirurak.
Joao Paulo Miranda Maria brasildarrak Casa de antiguidades erakutsiko du, gaur egungo Brasilgo gizarte eta arraza tentsioak jasotzen dituen istorio espiritual eta fantastikoa.
Grigory Kolomytsev errusiarrak, berriz, Ikusmira Berriak Donostiako Tabakalera kultura garaikideko zentroaren egoitzetan parte hartu zuen 2018an, eta haur batek izaki mistiko bat aurkitu zuela kontatzen du Chupacabra filmean.
Kim Mi-jo korearra ere hasiberrien artean ageri da Gull filmarekin. Bortxaketa baten biktima izan den emakume heldu baten istorioa kontatzen du.
Xingyi Dong errealizadore txinatarra Slow singing (Denboraren oharrak) filmarekin estreinatuko da. Pertsonaia nagusia kartzelatik atera ondoren bere jaioterrira itzultzen den gizon bat da.
Suzanne Lindon frantziarrak 16 printemps (Spring blossom) zuzendu eta antzezten du, bera baino zaharragoa den gizon batenganako maitasunaren eta bere nerabezaroaren gozamenaren artean eztabaidatzen den neska gazte baten kontakizuna.
Bigarren filmen artean, Imanol Rayok zuzendutako filmaz gain, Ben Sharrock eskoziarraren Limbo dago, 2015ean New Directorsetik pasatu zena Pikadero filmarekin.
Silent night opera primarekin nazioarteko oihartzuna lortu ondoren, Piotr Domalewski poloniarra Zinemaldian izango da lehen aldiz I never cry filmarekin, lan istripu batean hildako bere aitaren gorpua berreskuratzeko Irlandara bidaiatzen ari den neska gazte bati buruzko filmarekin.
Antzeko egoeran dago Akio Fujimoto japoniarra, Passage of life lanarekin Tokioko Nazioarteko Jaialdiko Asian Future sailean bi sari irabazi zituena. Bere bigarren lanean, Along the sea izenekoan, ikasle tekniko postutik ihes egin eta Japonian legez kanpo lanean hasi den emakume vietnamdar baten istorioa kontatzen da.
Ainhoa Arruabarrena Kutxabanken Gipuzkoa Sareko zuzendariak ere parte hartu du prentsaurrekoan, Zinemaldiarekin duen babesa berritu baitu, eta 50.000 euro bideratu ditu New Directors sarirako.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa