kultura
Izendapena
EITB Media
Azken sei urteetan, modaren inguruan mundu osoan dagoen museorik garrantzitsuena zuzendu du Arzalluzek, Parisko Palais Galliera, hain justu. Apirilaren 1ean hartuko du kargu berria.
Miren Arzalluz. Argazkia: James Weston
Bilboko Guggenheim Museoaren Fundazioko Patronatuak Miren Arzalluz (Bilbo, 1978) izendatu du museoaren zuzendari. Arzalluz Artearen Historian lizentziaduna da, jantzien Historian espezializatuta, eta azken sei urteetan modarekin lotuta mundu osoan dagoen museorik garrantzitsuena zuzendu du: Parisko Palais Galliera.
Maiatzean, Juan Ignacio Vidartek kargua utziko duela iragarri zuen. 32 urte egin ditu karguan, eta Guggenheim Museoak orain arte izan duen zuzendari bakarra izan da. Arzalluzek apirilaren 1ean hartuko du kargua.
Horri horrela, patronatuak nazioarteko museo inportanteenetan ohikoa ez den profil bat aukeratu du zuzendari kargurako: modaren munduan aditu bat. Audientzia anitzago batengana iristea eta museoaren ateak diziplina artistiko berrietara zabaltzea ekar lezake horrek.
Hain zuzen ere, Cristobal Balenciaga euskal jostunaren lanaren inguruko aditu handiena da Arzalluz. Sortzaile gipuzkoarrari buruz egin zuen doktore-tesia, eta Getariako Balenciaga museoan erakusketa arduraduna izan zen zazpi urtez. Etxepare Institutuko zuzendari ere izan da.
Guggenheimetik azaldu dutenez, Arzalluz aukeratzeko arrazoien artean daude nazioarteko kultur-erakundeetan duen esperientzia eta horri esker lortu duen aintzatespena, museoaren proiektuarekin epe luzerako konpromisoa hartzeko borondatea, museoa herrialdea eraldatzeko estrategian giltzarria izateko helburuarekin bat etortzea, eta museoak lan egiten duen testuinguru kulturalekiko sentsibilitatea erakustea, tokiko balioak eta balio globalak integratzeko gaitasuna baliatuta.
Era berean, azpimarratu dute artearen historiaren, ikerketaren eta museoen arloetan duen "ezagutza sakona", eta, horrez gain, "eskarmentu handia" duela erakundeen kudeaketan eta nazioarteko harremanetan.
Apirilaren 1ean hartuko du kargua
Miren Arzalluz Zuzendari Nagusi Hautetsi izendatuko dute 2025eko martxoaren 1ean eta izendapenak egun horretatik aurrera izango du eragina. Lau astez, apirilaren 1era arte, murgiltze-prozesu bat egingo du Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoetan, Juan Ignacio Vidarte Museoko Zuzendari Nagusiarekin batera. Apirilaren 1ean hartuko du kargua, erantzukizun osoz.
Juan Ignacio Vidartek Bilboko Guggenheim Museoa martxan jarri zuen taldea gidatu zuen, eta orain arte erakundeko zuzendari bakarra izan da. Karguan 32 urte eman eta gero esango du agur, baina zuzendari emeritu izango da aurrerantzean.
Hautaketa-prozesua
Azken hilabeteetan zuzendari berria izendatzeko hautaketa-prozesua egin da.
Denbora horretan, jatorri geografiko askotarikotako 79 profesional hartu ziren kontuan ( % 32 nazioartekoak, % 23 Euskal Autonomia Erkidegokoak eta % 45 Estatuko gainerako herrialdeetakoak).
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa