23:38

Reala

Txapeldunen Liga

Realak 0-0 berdindu du Salzburgoren aurka, eta puntu bat behar du Milanen multzoko lehena izateko

EITB MEDIA

Reale Arenan jokatutako partidan gertatu denez, Lisboan, Da Luz estadioan, Benficak eta Inter Milanek puntu bana eskuratu dute, 3-3 amaituta; hortaz, talde txuri-urdinak nahikoa du berdintzea azken jardunaldian. Realak amaierara arte jo du garaipena lortu nahirik.

  • Igor Zubeldia, Nenerekin lehian, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Igor Zubeldia, Nenerekin lehian, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak 0-0 berdindu du Salzburgorekin, asteazken gauean, Reale Arenan, 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligako multzo faseko bosgarren jardunaldian. Hala, orain arte jokatutako bost partidetan 11 puntu erdietsita, Imanolen taldeak (final zortzirenetarako sailkatuta dago, dagoeneko) D multzoko aurreneko postuari eutsi dio, Inter Milanekin berdinduta; izan ere, Italiako taldeak ere puntu bat lortu du asteazkenean, Lisboan, Da Luz estadioan, Benficaren kontrako neurketan. Realak eta Interrek, ondorioz, multzoko lehenengo tokia izango dute jokoan bi aste barru, abenduaren 12an, Milanen; partida erabakigarria izango da, baina Realak argi du berdinketarekin nahikoa duela behin betiko aurreneko postua eskuratzeko.

Joko bizia egin dute bi taldeek Donostian, bereziki Realak. Imanolek hainbat aldaketa sartu ditu hamaikakoan, eta txuri-urdinen presioa gero eta gogorragoa izan da partidak aurrera egin ahala; azken minutuetan, Realak gola eta garaipena merezi izan ditu. Ezin izan du hori lortu, eta dena neurketa hasi gabe zegoela gelditu da; seigarren eta azken jardunaldia emozioz beteta izango dela argi dago, beraz. 

Lehen zatian, Realak baloiaren jabetza izan du, eta talde txuri-urdina saiatu da hori azkar mugitzen, ohi bezala, baina Salzburgo kondo erantzun du, eta, ondorioz, Anoetan izan diren 34.419 zaleek ikuskizun politaz gozatu ahal izan dute. Gol aukerarik argiena Austriako taldeak sortu du, 15. minutuan; kontraeraso on batean, Nene buruz buru gelditu da Remirorekin, eta zutoinera jaurti du.

Realak ere izan ditu abaguneak, 1-0ekoa sartzeko: Oyarzabalek, area ertzetik, Turrientesek, lehenik atetik gertu eta gerora jaurtiketa on batean, eta Zakharyanek sinatu dituzte aukerarik onenak. Reale Arena gozatzen ari zen, kontuan izanik, hori gutxi balitz bezala, Inter Milan 3-0 ari zela galtzen Lisboan. Atsedenaldian, inpresioa zen Realak aurkari zaila zuela aurrean.

Bigarren zatiko aurreneko minutuetan, Imanolen gizonak gutxitan hurbildu dira Alexander Schlagerren atera; 61. minutuan, baina, Braisek, ezkerkada eder bat eginda, ia-ia sartu du 1-0ekoa, eta hortik aurrera Realaren erasoa gero eta eraginkorragoa eta biziagoa izan da. Neurketako azken txanpan, Realak bikain jokatu du. Besteak beste, Kubo eta Sadiq zelairatu dira, eta biek, bereziki jokalari japoniarrak, sakontasun oso handiagoa eman diote talde txuri-urdinari. Azken minutuetan, Salzburgok ez du bere zelaitik irteteko aukerarik izan.

Zenbait gol-abagune sortu ditu Gipuzkoako taldeak orduan. Zubimendik ezin izan du aterantz bidali erremate bat, Take Kuboren jokaldi baten ostean; luzapenean, Salzburgoko atezainak geldiketa oso ona egin dio Kubori, falta jaurtiketa ezin hobe batean.

Berdinketa izan da, azkenean, Da Luz futbol zelaian ere gertatu denez, eta Realak, hortaz, puntu bakarra behar du multzoko lehenengo postua eskuratzeko. San Siroko partida erabakigarria izango da, eta ikusmina erraldoia da; milaka zale txuri-urdin izango dira Milanen, eta partida eta bidaia horiek historikoak izan litezke.

Fitxa teknikoa

0 - Reala: Remiro; Odriozola (Traore, 74. min), Aritz (Pacheco, 46. min), Zubeldia, Aihen; Zubimendi, Turrientes, Brais (Barrenetxea, 65. min); Cho (Kubo, 74. min), Oyarzabal (Sadiq, 80. min) eta Zakharyan.

0 - FC Salzburgo: Schlager; Dedic, Piatkowsi, Pavlovic (Morgalla, 46. min), Ulmer (Baidoo, 84. min); Sucic, Bidstrup, Gloukh (Forson, 78. min), Capaldo; Nene (Konate, 62. min) eta Ratkov (Simic, 62. min).

Epailea: Mykola Balakin (Ukraina). Realeko Aritz eta Salzburgoko Dedic zigortu ditu, txartel hori bana aterata.

Gertakizunak: Txapeldunen Ligako bosgarren jardunaldiko neurketa. 34.419 zale izan dira Reale Arenan.

Gainerako multzoetan izandako emaitzak (azaroak, 29)

Galatasaray 3-3 Manchester United

Sevilla 2-3 PSV Eindhoven

Bayern Munich 0-0 Kopenhage

Braga 1-1 Union Berlin

Arsenal 6-0 Lens

Real Madril 4-2 Napoles

 

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena