00:14

Reala

TXAPELDUNEN LIGA

Realak Benfica gainditu du, eta final-zortzirenetara sailkatu da (3-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Imanolen mutilek lehen ordu erdi bikaina jokatu dute, eta hiru aldiz aurreratu dira markagailuan. Benficak aldeak murriztu ditu bigarren zatian, eta tarte horretan Portugalgo zaleen gunetik bengalak jaurti dituzte Realeko zalen harmailetara.

  • Realeko jokalariak partidan sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

    Realeko jokalariak partidan sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak erabateko nagusitasunez irabazi dio Benficari Reale Arenan (3-1), Txapeldunen Ligako multzoen faseko laugarren jardunaldiko partidan, Mikel Merino, Mikel Oyarzabal eta Ander Barrenetxearen golen bitartez. Portugaldarrek aldea murriztu dute bigarren zatiaren hasieran, Rafa Silvak sartutako golari esker.

Garaipen horrekin, eta Inter Milanek Salzburgoren etxean lortutakoarekin batera (0-1, Lautarok penaltiz), txuri-urdinek matematikoki lortu dute txapelketako final-zortzirenetan egoteko eskubidea, multzoen fasea amaitzeko bi jardunaldi falta direnean. Horrenbestez, italiarrek eta gipuzkoarrek euren artean jokatuko dute multzoko lehen postua.

Donostiako taldeak berehala hartu du aurre markagailuan, bosgarren minutuan korner bat atera eta berehala. Hainbat aldaratzeren ostean, baloia Ahien Muñozi heldu zaio, eta haren erdiraketa-jaurtiketa ahalegina ezin hobeto baliatu du Mikel Merinok bigarren zutoinean agertu eta baloia buruz sareetara bidaltzeko (1-0).

Reale Arenan bildutako zaleek ez dute askorik itxaron behar izan euren taldearen bigarren gola ospatzeko. Hala, 11. minutuan, Mikel Oyarzabal Portugalgo taldearen defentsa guztia baino biziago ibili da. Izan ere, Benficakoek hegaletik atera dute baloia, baina Florentinok pase traketsa bidali dio Otamendiri, eta aurrelari eibartarrak aurrea hartu dio atzelari argentinarrari, pilota lapurtu eta Trubin atezaina gainditzeko (2-0).

Realaren joko erauntsiak ez du izan etenik, eta, jarraian, beste bi gol erdietsi ditu, baina baliogabetuta geratu dira. Lehendabizikoan, falta baten ondorengo erdiraketan, Merinok eskuarekin ukitu du azken unean baloia ate barrura bidali aurretik; hortaz, VARak jokaldia gainbegiratu ostean, indargabetu egin du. Bigarrenean, Oyarzabalek buruz sartutako gola geratu da baliogabetuta, jokoz kanpo argian baitzegoen.

Haatik, Imanolen jokalariek erasoan jarraitu dute Benficako defentsaren ezintasunaren aurrean, eta 20. minutuan Ander Barrenetxea izan da 3 eta 0koa jarri duena markagailuan. Donostiarrak ezker hegalean jaso du baloia, arean sartu da eta atzelariari iskin egin dio. Ondoren, eskuinarekin zartakoa jo, eta sekulako gola gauzatu du (3-0).

Olatu aparretan zeuden txuri-urdinak ordurako, eta zelaiko festak jarraipena izango zuela ematen zuen, 26. minutuan Otamendik Oyarzabali penalti argia egin dionean. Aitzitik, Brais Mendezek ez du asmatu aukera garbi hori gauzatzen, galiziarraren jaurtiketak atearen eskuineko zutoina jo baitu.

Behin lehen ordu erdia beteta, Benficak bere estreineko aldaketa egin du, eta norgehiagokako erritmoa lasaitu egin da atsedenaldira iritsi arte.

Aldageletatik bueltan, portugaldarrak hobeto zelairatu dira, nahiz eta lehen kornerra etxekoen aldekoa izan den. Hala ere, lisboatarrek jokaldi ederra atondu dute 49. minutuan, eta markagailuko aldea murriztu dute Rafa Silvaren eskutik. Ia berehala, Portugalgo zaleak kokatuta zeuden gunetik bengalak jaurtitzen hasi dira. Hiruzpalau bota dituzte guztira, eta horietako zenbait Realeko zaleen harmailetan erori dira. Anthony Taylor epaileak jokoa eten du lehendabizikoarekin, eta UEFAko ordezkariari gertatutakoaz ohartarazi dio. Ondorioz, norgehiagoka erabat nahasi da, eta erritmoak asko egin du behera.

Realak 10 minutu inguru behar izan ditu neurketaren agintea berriro eskuratzeko, baina, bereganatu duenean, bereak izan dira bigarren zatiko abagunerik garbienak ere: besteak beste, Zubimendik eta Barrenetxeak gertu izan dute laugarrena. Ez da halakorik gertatu, eta neurketa 3-1ekoarekin amaitu da.

Fitxa teknikoa:

3 - Real Sociedad: Remiro; Aritz (Odriozola, 86. min), Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Brais (Turrientes, 70. min); Kubo (Carlos, 70. min), Oyarzabal eta Barrenetxea (Zakharyan, 78. min).

1 - Benfica: Trubin; Neves, Antonio, Otamendi, Morato, Aursnes; Florentino (Jurásek, 31. min), Joao Mario (Tengstedt, 85. min); Di María (Guedes, 85. min), Cabral (Musa, 64. min) eta Rafa Silva (Chiquinho, 85. min).

Golak: 1-0, 6. min: Merino. 2-0, 11. min: Oyarzabal. 3-0, 21. min: Barrenetxea. 3-1, 50. min: Rafa Silva.

Epailea: Anthony Taylor (Ingalaterra). Txartel horiak: Barrenetxea eta Carlos (Real Sociedad); Florentino (Benfica).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    03 19:00 - 21:00 PILOTA | GRABNI Txapelketa

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena