Futbola
Europa Liga
EITB Media
Zuri-gorriek Erroma izango dute aurkari San Mamesen ostegun honetan, 18:45ean, eta joanekoan erdietsitako 2-1eko aurkako emaitza irauli beharko dute. Txuri-urdinak Manchester Uniteden kontra lehiatuko dira, 21:00etan, Old Trafforden; joanekoa 1-1 berdinduta amaitu zen.
Europa Leagueko baloiak. Argazkia: Europa Press
Athleticek eta Realak Europa Ligako final-laurdenetarako txartelak lortu nahi dituzte, ostegun honetan, martxoaren 13an. Bilboko taldeak etxean jokatuko du; Donostiakoak, aldiz, Manchesterren.
Zuri-gorriek Erroma izango dute aurkari San Mamesen, 18:45ean, final-zortzirenetako itzuliko partidan. Athleticek 2-1 galdu zuen joaneko neurketa, eta emaitza hura irauli behar du txapelketan aurrera egiteko.
Ernesto Valverdek zuzendutako taldeak baja garrantzitsuak ditu Italiako taldearen kontrako hitzordurako: Oihan Sancet eta Daniel Vivian min hartuta daude, eta ez dira jokatzeko prest egongo; Yeray Alvarezek ere ezingo du jokatu, egotzia izan baitzen joaneko norgehiagokan. Biak ala biak oso jokalari garrantzitsuak dira Athleticen, eta ordezkatu behar dituztenek maila oso ona eman beharko dute taldeak lehia irabazteko aukerak izateko. Unai Nuñezek beteko du Vivianen hutsunea, eta Sancet ordezkatzeko Unai Gomez eta Alex Berenguer dira hautagaiak.
Erroma, aldiz, joaneko emaitza, aldeko 2-1ekoa baliatzen saiatuko da. Claudio Ranierik zuzendutako taldea bolada onean da. Paulo Dybala taldeko izarra zalantza da arazo fisiko batzuen ondorioz, baina badirudi San Mamesen jokatzeko prest egongo dela.
Bestalde, Realak Old Trafforden du hitzordua, 21:00etan, Manchester Uniteden kontra. Txuri-urdinek 1-1 berdindu zuten joaneko partida.
Uniteden nahasmena da nagusi, klubaren organigraman aldaketak egiten ari baitira, eta kirol arloan taldea ez baitabil betetzen denboraldia hasi aurretik jarritako helburuak. Hala ere, iragan asteburuan, Manchester Unitedek 1-1 berdindu zuen Arsenalekin Premier Leagueko norgehiagoka.
Realak gau historikoa bizi nahi du Manchesterren. Imanol Alguacil entrenatzaileak prest izango du Martin Zubimendi, eta Odriozolak zein Zakharianek ere normaltasunez entrenatu dute aste honetan. Hala ere, azkenean, Zakharian ez da Manchesterren egongo, razoak izan dituelako bere bisarekin, eta Donostiara itzuli da. Pacheco, min hartuta, ez da jokatzeko prest egongo, Luka Sucic ere baja da lesio baten ondorioz, eta Jon Mikel Arambururen parte-hartzea zalantzan dago, arazo fisikoak dituelako; hala ere, badirudi hasieratik jokatzeko moduan egongo dela.
Manchester Unitedek hainbat baja ditu. Hauek dira txuri-urdinen aurka jokatzeko prest egongo ez diren Uniteden jokalariak: Amad Diallo, Kobbie Mainoo, Luke Shaw, Mason Mount, Lisandro Martínez, Altay Bayindir, Tom Heaton eta Jonny Evans. Horiez guztiez gain, Leny Yorok ere min hartu zuen Arsenalen kontrako neurketan, eta zalantza da.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 16:00 - 17:15 | HERRI KIROLAK | Goma gaineko sokatira finalak |
22 | 17:05 - 20:00 | PILOTA | B Serieko finala: Egiguren V-Bikuña vs Salaberria-Gaskue |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa