14:10

Alaves

ALAVES

Luis Garcia Plazak Alaveseko entrenatzaile bezala jarraituko du, eta Sergio Fernandezek kirol zuzendari gisa

EITB MEDIA

Gasteizko klubak zaleei zuzendutako gutun batean baieztatu du Luis Garcia Plazak entrenatzailea izaten jarraituko duela, Lehen Mailara igoz gero automatikoki berritzeko klausula baitzuen. Sergio Fernandez Kirol zuzendariak, berriz, 2026ra arte berritu du.

  • Luis Garcia Plaza, Levante-Alaves partida erabakigarrian. Argazkia: Alaves.

    Luis Garcia Plaza, Levante-Alaves partida erabakigarrian. Argazkia: Alaves.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Luis Garcia Plazak Alaveseko entrenatzaile bezala jarraituko du 2023-24 denboraldian Lehen Mailan, eta Sergio Fernandezek 2026ra arte jarraituko du Gasteizko klubean Kirol zuzendari gisa, Alavesek asteazkenean jakitera eman duenez. Zaleei zuzendutako gutun batean baieztatu du klubak Luis Garcia Plazak entrenatzailea izaten jarraituko duela, Lehen Mailara igoz gero automatikoki berritzeko klausula baitzuen. Sergio Fernandezen kontratua, ordea, denboraldi honetan amaitzen zen, eta kirol zuzendariak 2026ra arte berritu du.

Testuinguru horretan, aipatutako gutunean, Alavesek egiaztatutzat eman du Luis Garcia Plaza izango dela 2023-24 denboraldian taldeko entrenatzailea. "Lanean ari gara, dagoeneko, oraingo eta etorkizuneko proiektu ilusionagarrian; gure Kirol Zuzendaritzak diseinatuko du, Sergio Fernandez buruan dela, eta Luis Garcia Plaza gure kapitainak gidatuko du aulkitik", azaldu du klubak.

"Proiektu arduratsua izango da. Gure klubaren baliabideak eta gaitasunak optimizatuko ditu. Klub apala gara, baina helburu handiak ditugu. Gure nahia da Lehen Mailan finkatzea", aurreratu du Alavesek, goreneko mailan jarraitu beharreko ildoaren gainean.

Luis Garcia Plaza 2022ko udaran iritsi zen Gasteizera, Bigarren Mailan izandako esperientzia handia berme gisa aurkeztuta. Klub babazorroan, Lehen Mailarako bere laugarren igoera erdietsi du. Alaves Lehen Mailara zuzenean igotzeko edo promozioa jokatzeko postuetan egon da 2022-2023 denboraldi osoan.

Gutun hori argitaratu baino lehen, Alavesek iragarrita zuen Sergio Fernandez Kirol zuzendariak 2026ra arte berritu duela. Fernandez 2016an heldu zen Arabako hiriburura, Alaves Lehen Mailara itzuli zenean, eta ondorengo denboraldietan taldea diseinatu du, orain arte.

Azkenik, asteazkenean ere, Espainiako Futbol Federazioaren Lehiaketa Batzordeak lau partidako zigorra ezarri dio Victor Laguardiari, Levante-Alaves igoerako finalaren partidan "epaileekiko indarkeria arina erakutsi baitzuen"; izan ere, 127. minutuan, Alavesen aldeko penaltiaren jokaldian, aulkian zegoela, modu desegokian zuzendu zitzaion epaileari.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    22 22:00 - 23:15 PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena