EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak
EAE-ko Hauteskundeak 2020
Koronabirusa
Agentziak | Erredakzioa
Data berria osasun-larrialdia bertan behera geratzen denean zehaztuko dute.
Lehendakarigaiak. Argazkia: EFE/eitb.eus
Euskal alderdiek apirilaren 5erako deituta zeuden hauteskundeak atzeratzea erabaki dute astelehen honetan, koronabirusa hedatzearen eraginez ezinezkoa baita egun horretan hauteskundeak dagozkion berme guztiekin egitea eta sufragio eskubidea gauzatzea, Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldi publiko batean baieztatu duenez.
Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdietako (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PP eta Equo) ordezkariekin bildu da goizean, hauteskunde autonomikoen data aztertzeko asmoz. Lehendakariak otsailaren 10ean egin zuen hauteskundeak aurreratzeko agerraldia, baina koronabirusaren bilakaera ikusita apirilaren 5erako aurreikusita zegoen deialdia bertan behera uztea erabaki dute.
Idatzi batean, hauteskundeak ezin direla "behar bezalako bermeekin" egin adierazi dute alderdi politikoek, COVID-19 gaitzaren pandemiak eragindako larrialdi sanitarioa dela eta, osasun publikoak eta botoa emateko eskubideak horren eragina jasoko baitu.
Ondorioz, A5eko hauteskundeak lehendakariak sinatutako dekretu baten bidez atzeratu behar direla adostu dute. Erabakia hauteskunde kanpaina hasi baino lehen hartu eta argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (ostegunean, 00:00etan).
Bilera 10:00etan hasi da, Lehendakaritzaren egoitzan. EAJren izenean, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Joseba Aurrekoetxea alderdikidea izan dira, PSE-EEren aldetik, Idoia Mendia idazkari nagusi eta lehendakarigaia izan da bileran, EH Bilduren izenean, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Maddalen Iriarte lehendakarigaia izan dira; Elkarrekin Podemosen izenean, Miren Gorrotxategi lehendakarigaia; Euskadiko PPren izenean, Amaya Fernandez behin-behineko presidentea; eta Equoren izenean, Jose Ramon Becerra lehendakarigaia eta Edurne Baranda Gipuzkoako hautagai eta legelaria.
Honakoa aurrekaririk gabeko egoera da, ez baitituzte inoiz bertan behera utzi behar izan aurretik deituta zeuden hauteskunde batzuk. Legediak berak ere ez du horrelako testuingururik aurreikusten. Dena dela, bozak atzeratzeko aukera juridikoa aztertzen aritu da Eusko Jaurlaritza, eta horretarako "hutsune batzuk" ikusi ditu araudian.
Data berria, beraz, larrialdi sanitarioa bertan behera geratzen denean zehaztuko dute, Iñigo Urkullu lehendakariaren dekretuz. Hauteskundeak posible den lehen iganderako deituko dira, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko 5/1990 Legearen 46. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa