Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetako lehendakarigaiak | EITB Legebiltzarrerako hauteskundeak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

13:28

Hautagaitzak

Hauteskunde autonomikoak

Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos-IUren lehendakarigaia

EiTB.EUS

Podemos Euskadiri lotutako ibilbide politikoa izan du, hasieratik. Bere izendapenarekin burutu den primarioetan, alderdi moreari erakutsitako fideltasuna aldarrikatu du.

  • Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos-IUren lehendakarigaia

    Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos-IUren lehendakarigaia. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Podemos Euskadin eman du ibilbide politiko osoa, 2015ean lehen Hiritar Kontseilua sortu zenetik, eta, bere curriculumak erakusten duenez, diputatu eta senatari ibili da, eta, horrez gain, hainbat barne-kargu izan ditu alderdi morean. Miren Edurne Gorrotxategi Azurmendi bizkaitarra Abadiñon jaio zen, 1967ko irailaren 18an, eta lehen aldiz izango da lehendakarigaia, Elkarrekin Podemos-IU koalizioa ordezkatuz; izan ere, Equo alderdiko Rosa Martinezi gailendu zaio egin berri dituzten primarioetan.

2015ean bertan, alegia, Podemos Euskadin sartu berri, primario batzuetan lortutako lehen garaipena eskuratu zuen. Podemosen EAEko zuzendaritzak babesten zuen Euskal Hiria hautagaitzak oinarrien aldeko botoa bereganatu zuen, eta Senatura aurkeztu zen; Gorrotxategik senatari-akta erdietsi zuen, 2015eko abenduan, bai eta 2016an ere, eta 2019ra arte izan zen Goi Ganberan. Kongresuan, aldiz, ibilbide laburragoa izan du; 2019ko apirilaren hauteskundeetan diputatu gisa hautatu zuten, baina legealdia irailean amaitu zen, berriro ere hauteskunde orokorrak deituta. Senatuko presidentea izateko hautagaitza aurkeztu zuen, baina PPk lortu zuen kargua, eta Unidas Podemoseko Berme Batzordeko kide ere bada.

Zuzenbidean lizentziaduna da Gorrotxategi; unibertsitate-ikasketak 1991n amaitu zituen, EHUn, eta doktoretza 1996an lortu zuen. Euskal unibertsitate publikoan ibili zen irakasle, 1992tik senatari hasi arte. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean (Konstituzio Zuzenbidea eta Pentsamenduaren eta Mugimendu Sozial eta Politikoen Historia Sailean) eta Zuzenbide Fakultatean eman zituen klaseak; 2015ean, Senatuan hasi aurretik, zerbitzu berezietara igarotzea eskatu zuen.

Feminismoaren eta ekologismoaren hastapenekin bat egiten du; EHUn irakasle zebilela, oinarrizko eskubideak izan zituen abiapuntu

Unibertsitatean, oinarrizko eskubideak izan zituen abiapuntu Gorrotxategik, bereziki berdintasun-eskubidea kultura-desberdintasunerako eskubidearen ikuspegitik. "Desberdintasuna saihestea", zioen, Podemosek hauteskunde orokor batzuen atarian egindako primario batzuetarako web orri batean, "konstituzio-sistemen arabera, botere politikoari dagokio. Azken hamarkadetan, baina, gero eta gehiago, ohikoa izan da behar hori ez betetzea". Orain lehendakarigaia den Gorrotxategik zioen, orduan, gizartearen etorkizuna, "bai eta nire seme-alabena ere", "trantsizio-urte hauetan hartutako erabakiek" baldintzatuko zutela. Hortaz, uste zuen "lan egiteko gaitasuna" eman behar zuela egitasmo horretan: "Politikoki, jendea dugu abiapuntu, berdintasuna justizia-irizpide bilakatuta".

2017an, Gorrotxategik Podemos Euskadiko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen, baina Lander Martinezek eskuratu zuen kideen babesik handiena, eta kargua hartu zuen. Lander Martinezek, amaitu berri diren primarioetan, Rosa Martinezen hautagaitza babestu du; Gorrotxategiren garaipena ofizial egin eta berehala, dimisioa aurkeztu zuen.

Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren lehendakarigaiak feminismoaren eta ekologismoaren hastapenekin bat egiten du. Horren hitzetan, apirilaren 5eko hauteskundeen ostean, EH Bilduri eta PSE-EEri deitzea izango du lehentasuna, "aldaketa politikoko bide aurrerakoi bat adosteko helburuarekin". Lehendakarigaia izateko hautagaitza aurkeztu zuenean esan zuenez, segituan proposatuko die bi alderdi horietako buruzagiei "bide aurrerakoi" hori.

Durangon bizi da Miren Gorrotxategi ia betidanik, bi seme-alaba ditu, eta Andeka Gorrotxategi tenorearen arreba da.

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena