Teknologia -
Teknologia
Larunbatetik aurrera ekoitzitako gailu elektronikoek C motako USB ataka izango dute
Europako Parlamentuaren zuzentarauari jarraiki, sakelako telefono, tablet, argazki kamera digital, aurikular zein bideokontsolek izango dute kargagailu ataka unibertsala. Merkatua bateratzea eta zabor gutxiago sortzea du xede neurriak. Ordenagailu eramangarri eta erloju adimenduenei ez die eragingo.
EITB Media
Iritsi da Europan teknologia ekoizleek egutegian markatuta zuten eguna. Larunbatetik aurrera ekoizten diren gailu elektroniko gehientsuenek USB-C motako kargagailu-ataka izan beharko dute, Europako Batzordearen zuzentarauari jarraiki. Neurri honekin zabor elektronikoa murriztu nahi da, baita kontsumitzaileen bizitza erraztea ere.
Europar Batasuneko herrialdeek abenduaren 28ra arteko epea zuten ekoizpena egokitu eta araua betetzeko, eta epe hori beteta, sakelako telefonoek (Android eta Apple), tabletek, argazki kamera digitalek, liburu elektronikoek, teklatu, sagu, bideo-kontsolek, entzungailu eta GPS sistemek kargagailu bakarra izango dute, USB-C motakoa.
Ordenagailu eramangarrien kasuan, 2026ko apirilaren 28ra arteko epea izango dute fabrikatzaileek kargagailu unibertsalerako bidea egiteko.
Helburua hirukoitza da: kontsumitzaileen erosotasuna bermatzea, zabor elektronikoa gutxitzea eta kargagailuen merkatu-fragmentazioa saihestea.
Orain arteko sistemarekin USB 2.0 Micro B, USB-C eta Applene Lightning sarbideak zeuden baimenduta, 2009ko borondatezko akordio bati esker. Baina, hala ere, Europako Batzordearen kalkuluen arabera, urtean 11.000 tona zabor elektroniko sortzen zen.
Egoera horri buelta emateko asmoz, kontsumitzaileek ez dute kargagailurik erosi beharko gailu elektroniko bat erosten duten bakoitzean, eta uste da urtean 250 milioi euro aurreztuko direla horrela, behar ez diren kargagailutan.
Zabor elektronikoa gutxitzeko EBren estrategia zabalago batean txertatzen da arau hau, kontsumitzaileek erabaki jasangarriagoak hartu ahal izan ditzan eta ekonomia zirkularra erraztu.
Gainera, lehengaien erauzketa murriztea ere badu helburu arauak, kargagailuen ekoizpenetik, garraiotik eta suntsiketatik sortzen diren CO2 igorpenak ere gutxituz.
"Gertutik jarraituko ditugu ekoizleen egokitzapen prozesuak, baita Europako Batzordeak kargatze-inalanbrikoari eta bereizte teknologikorako eskakizunen inguruan egiten ari den azterketei ere", azaldu du Anna Cavazzini Europako Parlamentuko Barne-Merkatuko Batzordeko presidenteak.
Berdeen taldeko eurodiputatuarentzat, "ezinbestekoa da, merkatuak aurrera egin ahala, kontsumitzaileek erabaki inteligente eta jasangarriak hartu ahal izateko tresnak edukitzea".