Teknologia -

CIC bioGUNE

Covid-19aren hanturazko erantzuna areagotzen duten molekulak identifikatu dituzte

Ikertzaileak metodo hori erabiltzen ari dira covid-19a duten pazienteetan molekula horiek identifikatzeko, gaixotasunaren eragina murrizte aldera.

EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
Langileak laborategian
EiTBko bideo batetik hartutako irudia.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CIC bioGUNE eta Luxembourg Centre for Systems Biomedicine (LCSB) ikerketa zentroek infekzio baten aurrean hanturazko erantzuna areagotzen eta mantentzen dituzten molekulak identifikatzeko metodo berri bat aurkitu dute. Metodo honek balioko du covid-19ak eragindako hantura areagotzen duten molekulak inhibitzeko, inflamazioa murrizte aldera.

Ikerketa taldea koronabirusa duten pazienteekin erabiltzen ari da metodo hori, molekula horiek identifikatu eta gaixotasunaren eragina murrizteko.

Antonio del Sol CIC bioGUNEko Biologia Konputazionala ikertzen duen laborategiko buruak azaldu duenez, gaitzei aurre egiteko prestaturik egon ohi da immunitate-sistema, eta ehunetan eragindako kaltea ahalik eta gehien murriztea lortzen du.

Halaz ere, gaixoak hiperinflamazioa garatu dezake patogenoa erraz kanporatzen ez den kasuetan. Hori gertatzen denean, erantzun immunologikoa areagotu eta mantendu egiten da atzeraelikatze-begizta positibo baten ondorioz, eta, azkenean, hantura eragiten du horrek.

Hanturazko erantzuna areagotzen duten molekula horiek ere sintomen larritasuna handiagotzen dute, eta heriotza ere eragin dezakete.

Del Solen aburuz, egungo erronka nagusia hantura arintzea da, pazienteak SARS-CoV-2 birusa kanporatzeko duen gaitasuna murriztu gabe.

Metodoa

Metodoaren gakoa da hantura areagotzen duten molekulak aurkitzea eta identifikatzea.

Ikerketa taldearen arabera, molekula horien jarduera kalterik eragingo ez duen mailaraino murriztu daiteke.

Zelulen arteko 1.700 interakziotik gora aztertu ostean, covid-19a duten pazienteen biriketan immunitate-erantzunaren mapa oso bat sortu du taldeak, kasu larrienek hiperinflamazioa izaten baitute.

Hala ere, ikertzaileek baieztatu dutenez, hiperinflamazioak zelula immunitarioei ere egiten die kalte.

Ondorioz, hantura murrizteko gai diren molekulak eta aldi berean sistema immunitarioari kalte egiten ez dieten horiek aurkitu behar izan dituzte.

Horrela, inhibituz, erantzun inmunitarioari kalte egin gabe erantzun inflamatorioa % 75 murriztu dezaketen bi proteina aurkitu dituzte: Versican eta Toll-2 motako Hartzailea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Zientziaren hedapena Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea