Teknologia -

GOOGLE

Googlek itsaspeko kable batekin lotuko ditu AEB eta Europa, Bilbo eta Bude hirietatik

Konpainiak Estatuan egingo duen mota horretako lehen konexioa da. 2017an, Facebookek eta Microsoftek Atlantikoaren bi aldeak batu zituzten Sopelatik.

Kableak Shirley, Bude eta Bilbo hiriak lotuko ditu. Irudia: EiTB
Kableak Shirley, Bude eta Bilbo hiriak lotuko ditu
Kableak Shirley, Bude eta Bilbo hiriak lotuko ditu. Irudia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Googlek itsaspeko kable berri bat iragarri du, Grace Hopper, AEBen (Shirley), Erresuma Batuaren (Bude) eta EAEren (Bilbo) artean zabalduko dena, eta konpainiaren enpresa eta kontsumo produktuak hartzen dituen sarerako euskarri handiagoa emango duena.

Grace Hopper Googleren beste itsaspeko kable pribatu batzuei (Curie, Dunant eta Equiano) gehitzen zaie urrutiko kontinenteak ozeanoaren hondotik konektatzeko. Itsaspeko kable pribatuek aukera ematen dute mundu osoko bezero eta erabiltzaileen etorkizuneko gaitasun-beharrak eraginkortasunez planifikatzeko, baita Interneteko sare publikoan eskuragarri dagoenetik harago doan segurtasun-geruza bat gehitzeko ere.

Behin martxan dagoenean, Grace Hopper izango da AEBak Erresuma Batuarekin konektatzen dituen lehen kable berrietako bat 2003tik, gaitasun globala handituz eta Googleren zerbitzuak bultzatuz, hala nola, Meet, Gmail eta Google Cloud. Googlek Erresuma Batura itsaspeko kable bidezko ibilbide batean egiten duen lehen inbertsioa ere bada, baita Espainiako Estaturako lehen ibilbidea ere.

Espainian lehorreratzeak modu estuagoan integratuko du Madrilgo Google Clouden hurrengo eskualdea bere azpiegituran. Grace Hopper kablea 32 zuntzez hornituta egongo da, eta horrek gaur egun AEBak eta Europa lotzen dituen Interneteko azpiegitura nabarmen eguneratzea dakar. Duela hilabete batzuk sinatu zuten kablea eraikitzeko kontratua Eatontownen egoitza duen SubCom itsaspeko kable hornitzailearekin, eta  proiektua 2022an osatzea espero dute.

Grace Hopperrek zuntz optikoaren kommutazio berritzailea izango du, komunikazio globalen fidagarritasuna hobetuko duen teknologia, eta horrek trafikoa hobeto mugitzeko aukera emango du, mozketak gertatuz gero. Google eta SubCom konpainietako ingeniariak elkarlanean aritu ziren arkitektura berritzaile hori sisteman txertatzeko. Grace Hopper teknologia hori erabiltzen duen munduko lehen itsaspeko kablea da, eta etorkizunean teknologia hori beste sistema batzuetan ezartzea espero dute.

2017an, Facebookek eta Microsoftek Atlantikoaren bi aldeak batu zituzten Sopelatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Nazioartea Bilbo Bizkaia Ameriketako Estatu Batuak Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Erresuma Batua Espainia Google Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Internet