Teknologia -
Euskal Encounter
Online izango da Euskal Encounterren 28. edizioa, uztaila bukaeran
5.088 leku egongo dira, Bilbao Exhibition Centerren egin zen azken edizioan bezain beste.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Encounterraren 28. edizioa modu telematikoan egingo dute, uztailaren 24tik 26era, osasun aholkuei jarraiki. Topaketa teknologikoa Euskaltel Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen dute 1994tik.
Ekitaldiak 5.088 sarrera birtual eskainiko ditu. Lehengo urtean Bilbao Exhibition Centerren egin zuten edizioan eskaini zituzten bezain beste. Aurreinskripzioak asteartean (uztailak 7) irekiko dira eta inskripzioak, berriz, ostegunean (uztailak 9). Biak ala biak doakoak izango dira Euskaltelek adierazi duenez.
Egitarauak formakuntzarako eta jolaserako aukerak izango ditu, baita arte digitaleko, programazioko edo bideo-jokoetako txapelketetarako ere. Jarduera horietako asko zuzeneko emankizunetan izango dira ikusgai Twitch bidezko telebista kanal baten bitartez.
Teknologia berriekin zerikusia zuten enpresei buruzko informazioa eskaintzen zuen "Opengune" espazioak ere bere online bertsioa izango du. Gainera, ohiko informazioaz gain, hitzaldiak ere eskainiko dituzte gune horretan.