Politika -
AUTOGOBERNUA
Zinematografiaren eskumenak euskarazko zinema bultzaltzea ahalbidetuko diola nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak
Jarduera zinematografikoaren eskuduntza zen kultura alorrean eskualdatzeko falta zen azkena. Hala ere, Gernikako Estatutua betetzeko 27 eskumen Eusko Jaurlaritzaren esku utzi behar dira oraindik.
AGENTZIAK | EITB Media
Atzotik Euskal Autonomia Erkidegoaren esku daude itsasertzaren kudeaketa eta zinematografia eskuduntzak, eta Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du azken horrek euskarazko zinema bultzatzea ahalbidetuko diola.
Jarduera zinematografikoaren eskuduntza zen kultura alorrean eskualdatzeko falta zen azkena. Hala ere, Gernikako Estatutua betetzeko 27 eskumen Eusko Jaurlaritzaren esku utzi behar dira oraindik.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Andoni Iturbe Kultura sailburuordeak azaldu duenez, aurrerantzean Eusko Jaurlaritzak azkarrago izapeditu ahalko ditu ikus-entzunezko proiektuetarako laguntzak eta euskarazko ekoizpenak sustatzeko baliabide gehiago izango ditu.
Iturbek gogora ekarri duenez, Jaurlaritzaren lana izango da gaztelania ez diren hizkuntza koofizialetako zinematografia eta ikus-entzunezkoak sustatzeko funtserako ekarpenen bilketa egitea, eta zinema aretoentzako laguntzak kudeatzea.