Politika -
Mobilizazio nazionala
EH Bilduk deituta, Euskal Herriaren estatus politikoan jauzia ematea aldarrikatu dute milaka lagunek Bilbon
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan du hiru arrazoirengatik atera direla gaur kalera: "Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzera, estatus politikoari buruz erabakiko dugula hitzematera eta azken urte honetako aurrerapausoak ospatzera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
17:30 jota abiatu da Casilla plazatik EH Bilduk "Nazioa gara" lelopean Euskal Herriaren "izaera nazionala" errespeta dadila exijitzeko deitutako mobilizazio nazionala.
Milaka eta milaka lagunek hartu dute parte manifestazioan (12.000, Udaltzaingoaren arabera), "nazioa gara" aldarrikatzeko, protesta amaitu denean koalizio abertzalearen koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan duenez. "Beste edozein plan egin zenezaketen, baina hemen egotea aukeratu duzue militante zaretelako. Ezinezkoa da gizarte alternatibo bat eratzea, talde lanik gabe", adierazi du.
EH Bilduko Mahai Politikoa buru zuela, Autonomia kale hasieratik amaierara egin du martxak, Casilla eta Zabalburu banatzen dituzten 700 metroak jendez lepo zirela.
Ikurrinak nonahi, isilik eman dituzte pausoak manifestariek, independentziaren aldeko oihuren bat edo beste tarteko, eta Arnaldo Otegiren hitzekin amaitu dute hitzordua.
Eskerrak eman dizkie burujabetzaren, askatasunaren eta berdintasunaren alde borrokan ari diren herrialde guztiei, batez ere Gazari eta Zisjordaniari, Irlandako mugimendu errepublikanoari eta Uruguaiko Nazio Askapenerako Mugimenduari.
Otegiren hitzetan, hiru arrazoirengatik atera dira gaur kalera. Batetik, "Euskal Herria nazio bat dela eta nazio horren parte izateak harrotzen gaituela aldarrikatzea" zuten helburu. "Beste behin ere, EH Bilduk bere printzipioak eta baloreak defendatu nahi izan ditu, euskal politika aldatzera etorri baikara", azaldu duenez.
Bigarren arrazoia, horren esanetan, "konpromiso zehatz bat hartzea da, Euskal Herriak bere luze-zabalean estatus politikoaren eztabaida burutuko duelako, eta gure konpromisoa izan behar delako bide hori urratsez urrats egikaritzea". Horretarako, "lehen pausoa da mundu osoak Euskal Herria nazio gisa aitortzea, hor hasiko baitugu bidea", erantsi du.
Azkenik, "azken urtean lortutako aurrerapausoak ospatzeko unea" dela esan du, "gure lanaren eta konpromisoaren fruitu izan baita".
Hizketaldia ixteko, "Sarri, Sarri" abestera eta dantzatzera gonbidatu ditu parte-hartzaileak Otegik. Asteon aurrez aurre jarri ditu Fermin Muguruza eta Eusko Jaurlaritza kantu horrek, kantari iruindarrak Martutenen abesti hori kantatu ostean Justizia sailburu Maria Jesus San Josek esan baitzuen "ETAko biktimentzat iraingarria" izan zela.