Politika -

LEHEN BIDAIA OFIZIALA

Pradalesek Makroeskualde Atlantikoa eta euskararen ofizialtasuna defendatuko ditu Europara egingo duen bidaian

Lehendakaria Europako erakundeetako hainbat ordezkarirekin bilduko da asteartean eta asteazkenean, tartean, Nadia Calviño Europako Inbertsio Bankuko presidentearekin eta Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentearekin.

Imanol Pradales lehendakaria, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Imanol Pradales lehendakaria, artxiboko irudi batean
Imanol Pradales lehendakaria, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales lehendakaria Luxenburgora eta Bruselara joango da gaur-biharretan, Europar Batasuneko instituzioen aurrean Makroeskualde Atlantikoaren sorrera eta euskararen ofizialtasuna defendatzeko, besteak beste. Pradalesek nazioartean lehendakari gisa egingo duen lehen bidaia ofiziala izango da.

Agenda ofizialaren arabera, asteartean Pradales lehendakaria Nadia Calviño Europako Inbertsio Bankuko presidentearekin elkartuko da Luxenburgon, eta, ondoren, Belgikako euskal komunitatearekin bilduko da, Bruselan.

Asteazkenean, European Policy Centreko arduradunekin batzartuko da lehenik, eta, segidan, Oihana Agirregoitia (EAJ), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Javier Zarzalejos (PP) eurodiputatuekin bilera egingo du.

Bigarren egun horretan hitzordua du Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentearekin eta Younous Omarjee presidenteordearekin, Fernando Clavijo Kanarietako presidentearekin eta Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidentearekin.

Etxera itzuli aurretik, Bruselan egingo du azken geldialdia Pradales lehendakariak eta Power Regions of European Summit foroan parte hartuko du —70 eskualdetako ordezkariekin batera—, eskualdeek industria sektorearen kudeaketan duten ahalmena indartzeko neurriak eskatzeko.

Bi eguneko bidaia ofizial horretan, Pradales lehendakariak alboan izango ditu Ander Caballero Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia, Ion Muñoa Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia, Marta Marin Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaria, eta Mikel Anton Europar Batasunerako zuzendariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EB Eusko Jaurlaritza albisteak Brusela Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Imanol Pradales gaur