Politika -

EAE-KO HAUTESKUNDEAK

EAJk 28 eserleku lortuko lituzke, eta EH Bilduk, 27, Soziometroaren arabera

Eusko Jaurlaritzaren boto-asmoari buruzko inkestaren arabera, PSE-EEk eta PPk ordezkari gehiago lortuko lituzkete (13 eta 7, hurrenez hurren). Elkarrekin Podemos, Sumar eta Vox Eusko Legebiltzarretik kanpo geratuko lirateke.

Jendea Bilbon. EITB Media.
Jendea Bilbon
EAJk 28 eserleku lortuko lituzke, eta EH Bilduk, 27, Soziometroaren arabera

0:29

Naiara Ballesteros | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak gaur egingo balira, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, Eusko Legebiltzarrean 28 ordezkari lortuta, azken hauteskundeetan lortu zituenak baino 1 gehiago. Gertutik jarraitzen dio EH Bilduk, egun duen ordezkari kopuru bera lortuko bailuke: 27.

Boto-asmoari buruzko inkesta azaroaren 5etik 8ra egin zuten, 3.030 telefono elkarrizketaren bidez. Horren arabera, PSE-EE hirugarren indar gisa mantenduko litzateke, eta gora egingo luke: 13 (+1) ordezkari.

Emaitza horiekin, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiak (EAJ eta PSE-EE) indartuta aterako lirateke, bakoitzak eserleku bat gehiago lortuta. Gainera, Sumarrek zein Voxek egun duten eserleku bakarra galduko lukete.

Horrenbestez, jeltzaleek eta sozialistek koalizioan osatutako gobernuak Eusko Legebiltzarrean duten gehiengoa indartuko luke: Ganbera osatzen duten 75 eserlekuetatik 41 izango lituzke (egun 39 ditu).

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko bozeramaile eta sailburuak azken Euskal Soziometroaren datuen balorazioa egin du; izan ere, bere ustez, EAJren eta PSE-EEren Eusko Jaurlaritzaren "lankidetza eta elkarrizketa" saritzen dute, eta "konfiantzazko botoa" ematen die.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, EAJk irabaziko lituzke eserleku gehien Bizkaian, eta Araban berdindu egingo luke EH Bildurekin; Gipuzkoan, berriz, EH Bildu gailenduko litzateke. Arabako eserlekuen banaketari dagokionez, EAJk eta PSE-EEk ordezkari bat gehiago lortu lukete.

Lurralde horretan, EAJk eta EH Bilduk 8 eserleku lortuko lituzkete, baina bigarren indar horrek aurretik jarraituko luke boto-estimazioan, ia 3 puntu gehiago lortuta. Ekainean egindako hauteskundeetan koalizio subiranistak 8 eserleku lortu zituen eta EAJk 7.

PSE-EEk 5 eserleku lortuko lituzke, apirileko hauteskundeetan baino bat gehiago, eta PPk 4 parlamentari izaten jarraituko luke. Voxek eta Sumarrek galdu egingo lukete Legebiltzarrean duten ordezkari bakarra.

Botoen zenbatespenari dagokionez, EH Bilduk botoen % 29tik gora jasoko lituzke (3 hamarren gehiago), EAJk % 27tik behera (% 0,1 gehiago), PSE-EEk % 16,8 (6 hamarren gehiago) eta PPk % 16,4 (4 hamarren gehiago).

Bizkaian, egungo eserleku banaketa mantenduko litzateke: EAJk 11 legebiltzarkide lortuko lituzke, EH Bilduk 8, PSE-EEk 4 eta PPk 2.

EAJk botoen % 39,7 eskuratuko lituzke (ia 7 hamarren gehiago), EH Bildu % 27,9ra jaitsiko litzateke (3 hamarren gutxiago), PSE-EEk botoen % 14,5 lortuko lituzke (botoen % 13,9 lortu zituen azken hauteskudeetan) eta PPk % 8,7 (3 hamarren gutxiago).

Gipuzkoan, EH Bilduk irabaziko lituzke berriro hauteskundeak duela 7 hilabete lortu zuen emaitza bera jasota (11 eserleku), eta EAJk (9), PSE-EEk (4) eta PPk (1) egungo ordezkari kopuru bera lortuko lukete.

Ehunekoei erreparatuz gero, sozialistek bakarrik izango lituzkete aldaketak, botoen % 13,9 jasoko bailituzkete (ia 4 hamarren gehiago).

EH Bilduk botoen % 39,8 lortuko lituzke, EAJk % 31,3 (% 0,1 gutxiago) eta PPk % 6,3 (% 0,1 gehiago).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza EAEko hauteskundeak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hauteskundeak Vox Hauteskunde inkestak Sumar Mugimendua