Politika -
Protesta
Ernaik independentziaren aldeko aldarria zabaldu du Donostian
Gipuzkoako hiriburuan egindako manifestazioan, Ertzaintzak hainbat manifestaziotan parte hartzen ari ziren 130 gazteri ezarritako isunak ere salatu ditu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ernaik deitutako manifestazio batek Donostiako kaleak zeharkatu ditu gaur, igandearekin, independentziaren aldeko aldarria ozen zabaltzeko, eta Ertzaintzak hainbat manifestaziotan parte hartzen ari ziren 130 gazteri ezarritako isunak salatzeko.
Erakunde abertzaleak jakinarazi duenez, guztien artean 290.000 euroko isuna jaso dute, Mozal Legea tarteko.
Salatu dutenaren arabera, modu sistematikoan erabili dute legea, "borroka sozialen eta protesta demokratikoen aurka". Hori horrela, isunak "erabaki politiko bat" direla azpimarratu du Ernaik.
"Ez gaituzte geldituko", esan dute sare sozialetan EH Bilduren eta hainbat arraunlariren babesa jaso duen manifestazioaren harian.
Protesta hasi aurretik, Ernaiko zenbait ordezkarik gogora ekarri dute, halaber, crowfunding kanpaina bat abiatu dutela isuna jaso duten gazteei laguntzeko, zigorrekin "jarrera politiko bat isilarazi nahian" dabiltzala iritzita.