Politika -
Hego Euskal Herria
Pradales eta Chivite lehendabiziko aldiz bilduko dira, gai-zerrendan AHTa eta finantzazio eredua dituztela
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Nafarroako Gobernuko presidentea elkarrekin biltzen diren lehenengo aldia da, Pradalesek ekainean kargua hartu zuenetik.
M. D. | EITB Media
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea gaur bilduko dira Iruñean, bi agintarien arteko lehen hartu-emanean Pradalesek ekainean kargua hartu zuenetik.
Presidenteek aztertuko dituzten gaien artean egongo da bi erkidegoen Kontzertu eta Hitzarmen ekonomikoen egoera, Kataluniaren finantzazio bereziaren akordioaren ondoan.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Erkidegoaren artean abiadura handiko trenbideak nondik lotu ere aipatuko dute euren arteko elkarrizketan, Maria Ubarretxena Jaurlaritzako bozeramaileak atzo aurreratu zuenez.
Bi erkidegoen AHTak elkarrekin lotzeko bi aukera daude: Gasteiztik edo Ezkio-Itsasotik (Gipuzkoa). Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiak ez dira ados jartzen, nahiz eta bi lurraldeetan EAJk eta PSE-EEk agindu.
Ubarretxenak atzo azpimarratu zuen beharrezkoa dela "txosten guztiak izatea hartu beharreko erabakian huts ez egiteko". Pradalesek eta Chivitek, biek ala biek, azkenaldian esan dute azken erabakia hartzeko txosten tekniko guztiak izan behar dituztela mahaigainean, batez ere Ezkio-Itsasotik egiten den konexioari buruzkoak, horrek kostu handiagoa izango lukeelako eta Aralar mendilerroari eragingo liokeelako.
Gainera, Pradalesek eta Chivitek bi gobernuen arteko lankidetza-protokoloa ere errepasatuko dute. 2021ean sinatu zuten azkena, osasuna, enplegua, etxebizitza, berdintasuna, hizkuntza-politika, gazteria, hezkuntza eta segurtasunaren ingurukoa. Gainera, duela gutxi, bi exekutiboek akordio bat sinatu zuten Nafarroan EITBren hedapena bermatzeko.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak bi erkidegoen arteko "lotura historiko, kultural, linguistiko eta soziala duen harreman berezia" aipatu zuen. Partekatzen duten "lankidetza-ereduaren" ondorioz, hainbat erakunde sortu eta garatu dituzte, baita foroetan parte hartu ere, hala nola euroeskualdea, Pirinioetako Lan Batzordea eta Arku Atlantikoa.
Pradalesen eta Chiviteren arteko lehen bilerarekin "etorkizuneko lankidetzan sakondu" nahi dute, Hego Euskal Herriko bi erkidegoen arteko harremanak "beti onak izan direlako eta onak izaten jarraituko dutelako".