Politika -

gobernu kontseilua

Lehendakariak politikan gizalegez aritzeko ituna proposatuko dio Legebiltzarri, "jauzi kualitatiboa" emateko

Europan zein munduan irmotzen ari diren indar totalitarioen aurrean, "harresi sendoa" eraiki nahi du Imanol Pradalesek. "Herritarrak nekatuta daude liskarrekin", arrazoitu du. Hala, kode etiko bat adosteko galdegingo die alderdiei politikaren "desprestigioa" geldiarazteko.

Pradales, agerraldian. EITB MEdia
Pradales, agerraldian.
Pradales lehendakaria: ''Gizarteak ez du liskarrik onartzen''

1:34

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Politika bere izen ona galtzen ari den honetan, "lehen irtenbide bat"; jarrera totalitarioen aurrean, "harresi sendo bat". Hitzokin deskribatu du Imanol Pradales lehendakariak gaur, urte politiko berriko lehen Gobernu Kontseiluan, sailburuei aurkeztu dien "Jarduera politikoan gizalegez aritzeko ituna" dokumentua.

Azaldu duenez, gaur bertan helaraziko dio proposamena Eusko Legebiltzarri, gainerako alderdiek euren ekarpenekin "aberastu eta osatu" eta, ondoren, adostasunez, "denek bat egin dezaten". Helburua da, azpimarratu duenez, EAEko indar politikoek "jauzi kualitatiboa" ematea arlo horretan. "Gizartea nekatuta dago liskarrekin", argudiatu du. 

Ohiturari jarraiki, Donostiako Miramar jauregian egin du Eusko Jaurlaritzak bilera, lehendakaria buru. Zaparrada trumoitsuen burrunba entzungai zela batzartu dira EAJren lehendakaria eta koalizio gobernuko 15 sailburuak. Gobernu Kontseilua bukatuta, kazetarien aurrera atera da Pradales, bileraren nondik norakoak azaltzera. 

Gizalegea eta eredugarritasuna, oinarri

"Politikan gehiegitan ikusi ditugun praktika txarrei atea ixtea da helburua. Gure gizarteak ez ditu jokabide horiek onartzen, are gehiago: gaitzetsi egiten ditu", azpimarratu du. 

Pradalesen aburuz, "ezin diogu geure buruari tranparik egin", eta agintariek ezin dute "beste alde batera begiratu". Horrenbestez, gizalegea jardun politikoaren oinarri izan dadin aldarrikatu du. 

Dekalogoa eta hiru ardatz dituen dokumentua

Lau orrialde pasatxoko agiria da gaur aurkeztutakoa. "Jarduera politikoan gizalegez aritzeko ituna" izenburupean, egoera politikoaren egungo argazkia egiten du, eta hiru konpromiso edo ardatz jasotzen ditu: Demokraziarekiko konpromisoa, jarduera politiko eredugarria eta politikan aritzeko oinarrizko etika. Azken partean, dekalogoa proposatzen du testuak. Besteak beste, ikuspegien aniztasuna balioan jartzea, elkarrizketa eraikitzailea lehenestea, desinformazioa edo fake news-ak ez elikatzea eta norberaren interesen gainetik, ongizatea bultzatzea. 

Agiriak ez ditu espresuki ETA eta horren indarkeriaren deslegitimazioa aipatzen. Izan ere, lehendakariak azaldu duenez, bi auzi ezberdin dira. "Jaurlaritza eta lehendakari honen jarrera argia da: terrorismo mota guztiak erabat gaitzestea", azpimarratu du. 

Oposizioaren jarduna

Kazetarien galderei erantzunda, esan du haren helburua ez dela oposizioaren jarduna mugatzea.

Horren ildoan, eta osasun itunaren inguruko negoziazio mahaiaz itaunduta, alderdiek jarrera "eraikitzailea" erakustea espero duela adierazi du. Dena dela, aitortu duenez, beldur da iraganeko oposizio "suntsitzailea" nagusitzea, EH Bildu ahotan hartuta.

Izan ere, koalizio abertzaleari "hitz politez harago, bestelako ekintzak" egitea aurpegiratu dio, Laudioko larrialdietan izandako heriotzaren harira Osasun sailburuaren agerraldia eskatu izanagatik. 

Osasun Itunaren lehen bilera ''asmo eraikitzailearekin'' egitea espero du Pradalesek
Osasun Itunaren lehen bilera ''asmo eraikitzailearekin'' egitea espero du Pradalesek
Osasun Itunaren lehen bilera ''asmo eraikitzailearekin'' egitea espero du Pradalesek

0:36

Gainerakoan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak migrazio irregularrari buruz esandakoekin "harrituta" azaldu da, eta komunikabideen bitartez jasotakoa baino informazio gehiago ez duela erantsi du. 

Pradales lehendakariak ''sorpresaz'' hartu ditu Sanchezek migrazioari buruz esandakoak
Pradales lehendakariak ''sorpresaz'' hartu ditu Sanchezek migrazioari buruz esandakoak
Pradales lehendakariak ''sorpresaz'' hartu ditu Sanchezek migrazioari buruz esandakoak

1:51

Azkenik, Estatutua betetzeari dagokionez, udazkenean aurrerapausuak egongo direla espero du Pradalesek, Gobernuko presidentearekin egitekoa duen aldebiko topaketarekin batera. Aldi berean, etorkizunean estatutu berri bati heltzeko beharra ere aipatu du; 40 urteren ondoren, "herrialdeak estatutu-itun berri bati heldu behar izateko moduko bilakaera izan du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Donostia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua Imanol Pradales