Politika -
AITORTZA ETA ERREPARAZIOA
Nafarroako Gobernuak polizia indarkeriaren beste bost biktima aitortu ditu
Nafarroako Pertsona Torturatuen Sareak jakitera eman duenez, honako hauek dira aitortza jaso duten pertsonak: Iker Moreno, Iker Aristu, Ohian Ataun, Garbiñe Urra eta Mikeldi Diez. 16/2019 Foru Legeari jarraiki aitortu dituzte tortura kasuak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako Gobernuak beste bost tortura kasu aitortu ditu, gutxienez, 16/2019 Foru Legeari jarraiki. Zehazki, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimak aitortu eta erreparatzeko prozedura arautzen du lege horrek.
Nafarroako Pertsona Torturatuen Sareak jakitera eman duenez, honako hauek dira aitortza jaso duten pertsonak: Iker Moreno, Iker Aristu, Ohian Ataun, Garbiñe Urra eta Mikeldi Diez.
Hori dela eta, Nafarroan torturatutako pertsona guztiei dei egin diete dagokion batzordearen aurrean salaketa jartzera, "ofizialki gertatutakoa aitortzen jarrai dezaten eta horien erreparazioan eta egiaren ezagutzan aurrera egiten jarrai dezagun".
Bost pertsona horiez gain, Nafarroako Gobernuak beste 12 biktima aitortuko zituela iragarri zuen duela gutxi. Horiek izan ziren lege horrek babestutako aitorpena jaso zuten lehenak.
EH Bildu pozik agertu da eta polizia indarkeriaren biktimak aitortzen jarraitzeko eskatu dio Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeari.
"Urte askotan biktima horiek ezeztatu egin dira, eta eragozpen eta oztopo guztiak gorabehera, pertsona gehiagok jasoko dute merezi duten aitorpen instituzionala eta gutxieneko erreparazio politikoa", adierazi du EH Bilduk ohar batean.